Ring gainera, harri handien txapelaren bila

Dorleta Agiriano Lai 2018ko abe. 19a, 12:56
Harri Handien Euskal Herriko Txapelketan parte hartuko dute Imanol Illarramendik eta Aimar Galarragak. (Dorleta Agiriano Lai)

Larunbatean jokatuko dute Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa, Asteasun. Joseba Ostolazaren Eskolako lau harri-jasotzailek hartuko dute parte lehian, tartean, Aimar Galarraga oriotarrak eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarrak. Iazko txapeldunak, Aimar Irigoienek, aurten ez du parte hartuko, eta formatua aldatu dutela ere jakinarazi dute.

Larunbatean, abenduak 22, Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute Asteasun. Bertan izango dira Joseba Ostolazaren eskolako lau kide: Aimar Galarraga oriotarra, Imanol Illarramendi Kortaberri aiarra, Jokin Eizmendi zarauztarra eta Julen Diaz gasteiztarra. Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Iban Ugartemendiak osatuko dute larunbateko norgehiagokan parte hartuko duten harri-jasotzaileen seikotea. Izan ere, iazko txapelduna, Aimar Irigoien, min hartuta dago, eta aurten ez da lehian izango.

Irigoienen faltan, Galarragaren eta Kortaberriren iritziz, Eizmendi da txapelketarako faborito garbia. Beste bostok borrokan izango gara, azaldu du Galarragak. Gehienak Ostolaza Eskolakoak dira, eta beren artean lehia sanoa izango dutelakoan daude: zorionez, giro eta harreman onak dira nagusi gurean.

Sei parte hartzaileek lau harri altxatu beharko dituzte larunbatean: laukizuzena (175 kilo/200 kilo), zilindrikoa (175 kilo/200 kilo), kubikoa (150 kilo) eta bola (125 kilo). Hiru minutuz arituko dira harri bakoitzarekin. Harri laukizuzenaren eta zilindrikoaren kasuan, zein erabili erabakitzeko aukera izaten dute, baina guztiek berdinak hautatu ohi dituzte, Galarragaren arabera: 200 kiloko laukizuzena eta 175 kiloko zilindrikoa.

Aurten formatu berria

Aurten 22:00etan hasiko da lehiaketa, eta ETB1 kanalak zuzenean emango du. Galarragak eta Illarramendik azaldu dutenez, formatu berritzailea izango du aurten: boxeoko ring bat jarriko dute Asteasuko pilotalekuan, eta binaka igoko dira harri-jasotzaileak, hiru minutuko txandetan harri-jasotzera. Pantaila handiak eta podiuma ere izango dira frontoian. Show kutsua emango diote aurten, ikusgarriagoa izango da, gehitu dute.

Aldamenean beste pertsona bat izatea erronka bat izan daiteke guretzat, adierazi dute harri-jasotzaile oriotarrak eta aiarrak; izan ere, bakoitzaren erritmoa baldintzatu dezake. Illarramendik azaldu duenez, azken finean, zurekin batera eta zure ondoan beste norbait harri-jasotzen ikustean, gerta daiteke zure lanetik ateratzea. Bakarrik zaudenean, zurea egiten duzu. Bi harri-jasotzaile izanda, desberdina izan daiteke.

Erronkak

Galarraga Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan izan zen urrian, eta 4.000 kilo bizkarreratuta, bigarren postuan geratu zen. Ilusionatuta dago aste honetako txapelketarekin: ea lan txukuna egiten dugun. Uste dut Unanue eta biok borroka handi samarra izango dugula. Illarramendik, berriz, larunbateko txapelketarako baino, urtarriletik aurrera egingo dituzten marka pertsonalei heltzeko prestaketa lanak izan ditu ardatz azken hilabeteetan: lehentasuna marka horiei eman diet. Dena den, larunbatean ere lan ederra egiten eta gerra ematen ahaleginduko naiz.

Lehiaketa larunbatean denez, aste honetako entrenamendu saioetan ez dira harriekin aritu. Izan ere, Kortaberrik azaldu duenez, oso harri handiak direnez, gorputzak denbora behar du horiekin lanean jardun ondoren buelta emateko. Horregatik, astean bitan entrenatu arren, normalean, astean behin jarduten dute harriekin. Galarragak azaldu du larunbaterako urduri dagoela dagoeneko: txapelketa burutik ezin kendu nabil, eta egun hauetan urduri egongo naiz. Kortaberri momentuz lasai dago; baina ikusiko dugu ostiral gauean...

Une honetan, hamar harri-jasotzaile inguru aritzen dira Ostolaza Eskolan. Batzuk garai zehatzetan azaltzen dira, eta beste batzuk, urte osoan izaten dira harri-jasotzen, prestatzen eta lehiatzen; Galarraga eta Illarramendi, esate baterako. Harri-jasotze proba batzuk bereziak izan ohi dira parte hartzaileentzat; Illarramendiren kasuan, Igeldoko Harria da gogokoen duen proba, eta Galarragaren kasuan, Harri Handien Txapelketa da gehien atsegin duena.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!