2019rako aurrekontua onartu du Urola Kostako Udal Elkarteak

Karkara 2018ko abe. 20a, 16:29

2019. urterako aurrekontuari hasierako onarpena eman zion Urola Kostako Udal Elkarteko Batzar Nagusiak asteazkenean. Aiako eta Orioko zinegotziak ere izan ziren bilkuran. 9.353.864, 24 eurokoa izango da aurrekontua, eta zati handiena ingurumen arlora bideratuko dute.

Abenduaren 19an, asteazkena, 2019. urterako aurrekontuari hasierako onarpena eman zion Urola Kostako Udal Elkarteko Batzar Nagusiak, EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Irabazi-Ahal Duguren aldeko botoekin. Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako zinegotziak bildu ziren.

2019. urteko gastua

9.353.864, 24 eurokoa izango da aurrekontua; %70 ingurumenari dagokio, %20 Garapen Agentziari eta %10 euskara eta komunikazio arloari eta administrazio orokorreko zerbitzuei. Hain zuzen ere, honakoa izango da 2019rako gastu programa atalez atal:

  • Gobernu organoak: %0,7
  • Administrazio orokorra: %7,1
  • Hondakin solidoen kudeaketako kanpainak: %1,1
  • Hondakinen bilketa: %46,9
  • GHKren tarifak, errefusa eta biohondakina: %17,4
  • Urteta zabortegiaren kudeaketa: %5,4
  • Laneratzeko zerbitzuak (enplegua): %5,0
  • Oinarrizko lanbide heziketa (soldadura):%3,2
  • Enpresa garapena: %9,7
  • Turismoaren sustapena: %1,9
  • Euskara: %1,6

Ingurumenaren arloan, hondakinen bilketara eta tratamendura, ingurumen kanpainetara eta zabortegiaren kudeaketara bideratuko dute dirua. Zabor bilketa zerbitzua hobetzea izango da datorren urterako helburua, eta horretarako, zenbait berrikuntza zehaztu dituzte: bilketa zerbitzu berria poliespan eta fruta kaxak biltzeko, edukiontzien eta edukiontzi-puntuen garbiketa indartzea, poltsa konpostagarrien banaketa eta ikuspen lanetarako bi langileren kontratazioa.

Garapen Agentziari dagokionez, hainbat zerbitzu eta programa abiatuko ditu 2019. urtean, lau eremu nagusitan: enplegua eta konpetentziak, enpresen sorrera, enpresen lehiakortasuna eta turismoa. UKUEren arabera, 480.000 euro bideratuko ditu enplegua sortzera, inbertsioak egitera eta enpresa berriak sortzeko ekimenak bultzatzera. Bestalde, Zumaiako Soldadura Zentroko Oinarrizko Lanbide Heziketak 298.000 euro jasoko ditu.

2019. urteko finantzaketa

Ingurumen arloan, hondakinen tasaren bidez, 4.390.000 euro jasoko ditu UKUEk; paper, kartoi eta pilen salmentaren bidez, 160.000 eta ontzi arinen salmentaren bidez, 757.000. Diru horrekin hondakinak biltzeko zerbitzuak finantzatuko dituzte. Dena den, hona hemen finantzaketarako programa osoa, atalez atal:

  • Europako Gizarte Fondoa: %0,2
  • Eusko Jaurlaritza eta Lanbide: %4,3
  • Gipuzkoako Foru Aldundia: %1,5
  • Tasa, prezio publikoak eta beste sarrera batzuk: %0,7
  • Hondakinen salmenta: %9,9
  • Hondakinen kudeaketa (tasa): %46,9
  • Urtetako fondoa: %4,4
  • Udalak (geroratutakoaren ordainketak): %1,5
  • Udalen ekarpen arrunta: %30,6

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!