'Harria' argazki erakusketa ikusgai da Zarautzen

Karkara 2019ko urt. 19a, 11:00
Palaciosek Joseba Ostolazari ateratako argazkia.

Juan Antonio Palaciosek 20 harri-jasotzaile baino gehiagoren argazkiak bildu ditu 'Harria' erakusketan; tartean dira, Aiako eta Orioko harri-jasotzaileak ere. 

Juan Antonio Palaciosen Harria argazki erakusketa inauguratu berri dute Zarauzko Photomuseumen, eta otsailaren 10era bitartean 44 irudiz osatutako bilduma ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Erakusketarekin harri-jasotzeak duen "indarra eta eskatzen duen ahalegina" erakutsi nahi izan ditu egileak, eta horretarako 20 harri-jasotzaile baino gehiagori argazkiak atera dizkie; tartean dira Orioko eta Aiako hainbat harri-jasotzaile ere: Idoia Etxeberria, Joseba eta Udane Ostolaza, Jose Ramon Iruretagoiena, Aimar Galarraga eta Gorka Etxeberria, besteak beste. 

Entrenamendu saioetan atera zituen argazkiak Palaciosek, eta aitortu du harri-jasotzaileek behin eta berriz jaso behar izan zituztela harriak, berak nahi zituen irudiak lortu arte. Erakusketaren xehetasun gehiago emango ditu argazkilariak otsailaren 1ean, 18:00etan hasita, Photomuseumen eskainiko duen mahai-inguruan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!