Abisu horia ezarri dute gaurko eta alerta laranja biharko

Karkara 2019ko urt. 22a, 09:47
Artxiboko argazkia.

Eusko Jaurlaritzako Metereologia Zuzendaritzak abisu horia ezarri du gaurko eta alerta laranja biharko, besteak beste, kostaldean izan daitezkeen kalte arriskuengatik.

Euskalmetek jakinarazi duenez, gaur, 12:00etatik 00:00etara alerta horia izango da prezipitazio iraunkorragatik, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean. Prezipitazio ertaina, iraukorra eta oso ugaria egingo duela azaldu dute, eta metro karratuko 60 litro baino gehiago bota ditzakeela. Bihar, alerta laranja izango da arrazoi beragatik, egun osoan zehar. 24 orduan metro karratuko 80 litro baino gehiago pilatu daitezkeela ohartarazi dute.

Horrez gain, gaur eta bihar olatuek eragin ditzakeen kalteak ohartarazi dituzte. Gaur, 04:00etatik 06:00etara abisu horia ezarrita egongo da (05:12an izango da itsasgora), baita 17:00etatik 19:00etara ere (17:41ean izango da itsasgora).

Bihar, berriz, itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja izango dela adierazi du Euskalmetek, 04:00etatik 07:00etara. Olatuek 5,5 metroko altuera izango dute, eta itsasgora 05:58an izango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!