2020ko udazkenean egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa

Karkara 2019ko ots. 2a, 13:00
Euskaraldiko lehen edizioaren aurkezpen ekitaldia Orion.

Bigarren edizioan, erakunde publiko, enpresa, komertzio, elkarte eta gizarte eragileak beren funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematera bultzatuko ditu Euskaraldiak. 

Euskaltzaleen topagunetik jakinarazi dute, hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera handitzea helburu duen Euskaraldia ekimenak jarraipena izango duela. Hurrengo edizioa 2020ko udazkenerako antolatuko dute.

Bigarren Euskaraldiak bi ardatz nagusi izango ditu. Alde batetik, ahobizi eta belarripresT rolen bitartez herritarrei beren harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia egingo zaie. Bestetik, berrikuntza modura, erakunde publiko,enpresa, komertzio, elkarte eta gizarte eragileak beren funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematera bultzatuko ditu Euskaraldiak. Ildo horretan, konpromiso zehatzak hartzeko eskaria egin zaie Euskaraldian parte hartzen duten entitateei, eta 2019an bertan hasiko dira herritako batzordeetan lanean.

Lehen Euskaraldiko emaitzak
2018ko Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egin zen Euskaraldiko lehen edizioan, eta ekimenak izan zuen erantzunaren datu zehatzak jasotzen ari dira asteotan. Antolatzaileek azaldu dutenez, Urola Kosta eskualdeko 14.674 lagunek parte hartu zuten Euskaraldian; Orion 1.487 herritarrek bat egin zuten ekimenarekin eta Aian 208k. Bi herrietan parte hartzaileen gehiengoak aho bizi rola hartu zuten, Orion %82,3ak eta Aian %91,83ak. Horrez gain, nabarmentzekoa da Orion eta Aian, Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan bezala, parte hartzaileen ia %63a emakumezkoa izan zela.

Parte hartzearen inguruko datu zehatzagoak ezagutu nahi dituztenek, horretarako aukera dute Euskaraldiko webgunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!