Harkaitz Agirre: "Herriari arnasa ematen dio Mendibeltz zelaiak"

Karkara 2019ko ots. 7a, 18:00
Orioko Futbol Taldeko presidente Harkaitz Agirre.

Harkaitz Agirre Orioko Futbol Taldeko presidenteak denboraldiko balorazioa egin du, eta elkartearentzat erronka diren hainbat gai izan ditu hizpide; nagusi mailako nesken taldea eta belar artifizialezko zelaia aldatzeko beharra.

HARKAITZ AGIRRE - Orioko Futbol Taldeko presidentea

Denboraldia pil-pilean da. Zer balorazio egiten duzue Orioko Futbol Taldeko zuzendaritzatik emaitzei dagokienez?
Bi arlo desberdindu beharko genituzke. Alde batetik, futbol eskola eta bestetik, federatutako futbola, infantil mailatik aurrerakoa. Futbol eskolan egun 150 haur inguru ditugu, eta Orio herri txikia dela kontutan hartuta oso kopuru polita da. Eskolaren helburu nagusia haurrak futbolean murgiltzea da, futbolean jokatzen ikastea alegia. Horretarako futbolarekin hartu-emana izan dugun gurasoek entrenatzen ditugu taldeak, eta garrantzitsua iruditzen zaigu gainontzeko gurasoen parte-hartzea ere, futbolaren arlo desberdinak erakusteaz gain, baloreetan ere hezten baititugu haurrak futbol eskolan. Astelehen arratsaldetan egiten ditugu entrenamenduak, eta hilabetean behin jokatzen dituzten partidak. Egun horietan pozgarria izaten da futbol zelaiaren inguruan sortzen den giro polita ikustea, herriari bizi-poza ematen dio. 

Federatutako taldeak zer moduzko denboraldia egiten ari dira?
Emaitzak ez dira gure helburu nagusia, baina gustatzen zaigu ahal den lanik txukunena egin eta ahal den heinean emaitza onak lortzea, horrela jokalariak motibatu egiten dira gainera. 

Mutilei dagokienez sei talde ditugu denera. Alde batetik, infantil mailako bi talde ditugu eta denboraldi polita egiten ari dira. 1. mailan jokatzen duen taldeak esaterako, hurrengo urtean ohorezko mailan jokatzeko txartela lortu du. Niri atentzioa ematen dit ikustea, 12-13 urterekin zeinen ondo ulertzen duten jokoa, antzematen zaie haurrak zirenetik murgildu direla futbolean, oinarrizko kontzeptu batzuk oso barneratuta baitituzte.

Bestetik, kadete mailan ere bi talde ditugu, adinaren arabera banatuta. Horietako bat 1. mailan dabil aurten eta Kopa jokatzen ari da. Besteak, iaz ohorezko mailara igotzea lortu zuen, baina sufritzen ari dira mutilak. Pasa den denboraldian talde horretan aritu ziren bost jokalari Euskal Herriko gorengo mailako taldeek fitxatu dituzte, eta taldea ahulduta geratu da. Dena dela, esan behar da, emaitzek laguntzen ez badute ere, oso jarrera ona duela taldeak eta jokalari guztiak etortzen direla entrenamenduetara.

Jubenil mailako taldea 1. mailan dago, eta igoera fasea jokatzen ari da. Lehia polita dute aurkariekin, eta oso txukun ari dira. Horrez gain, nagusien taldeak lurraldeko preferente mailan jokatzen du. Ondo hasi zuten denboraldia, baina beherakada izan dute. Dena dela, pasa den asteburuan sailkapenaren buruan dagoen Andoaingo Euskalduna taldeari irabazi zioten, eta uste dugu garaipenak indarra eta bultzada emango diela jokalariei. Aitortu behar dut, guretzat garrantzitsua dela maila mantentzea. Iaz 20 lagunek osatzen zuten taldea eta hamazazpi baja izan ditugu aurtengo denboraldirako. Taldea eraberritu egin behar izan du entrenatzaileak, hiru-lau jokalarik bakarrik jarraitu baitute. Oso gogorra izan da, eta egindako lanaren aitortza izango litzateke maila mantentzea.

Eta nesken taldeak zer moduz ari dira?
Nesken bi talde ditugu. Infantilek futbol zortzi izeneko mailan jokatzen dute, eta oso ondo ari dira. Bestalde, kadete mailako nesken taldea eredugarria da. Nesken kadete mailak bost urteko adin tartea hartzen du, eta 12 urtetik 17 urtera bitarteko neskek parte hartu dezakete bertan. Iaz mailaz igo ziren, eta lan bikaina egiten ari dira, erdiko postuetan kokatuta baitaude. Gainera, gozamena da nesken taldea jokatzen ikustea. Talde izaera barruraino sartuta dute, eta talde lan bikaina egiten dute zelaian, partidetan gogor lehiatuz, teknikoki askoz hobeak diren taldeei irabaztea lortzen baitute. Eredua dira gainontzeko taldeentzat.

Oro har, ohartu gara futbol eskolak eragina izan duela fitxa federatiboetan, nesken kasuan bereziki. Izan ere, orain 13 urterekin infantil mailako taldean sartzen diren neskek nahiko argi izaten dute futbolean jokatu nahi dutela. Kirola ezagutzen dute, aurretik futbol eskolan aritu direlako, eta horri esker nesken talde iraunkorrak sortzeko aukera izan dugu. Gure helburu nagusia, mutilekin gertatzen den bezala, kategoria guztietan nesken taldea izatea da, eta Orio bezalako herri txiki batentzat erronka handia da. Dagoeneko baditugu infantil eta kadete mailako taldeak, eta nagusi mailakoa sortzea dugu helburu, 18 urtetik gorako neskek herrian futbolean jokatzeko aukera izan dezaten.

Aurten Realak Imanol Alguacil fitxatu du entrenatzaile bezala. Horrek izango al du eraginik Orioko Futbol Taldean?
Guk Realarekin hitzarmena dugu, eta harrobiko jokalariren bat fitxatzen badu horregatik ordainsari bat jasotzen dugu. Hala ere, hitzarmen horretan ez dira sartzen entrenatzaileak, beraz ez dugu ezer jasoko Imanol Alguacilen fitxajearengatik.

Dena dela, Realetik jakinarazi digute Real Madrid taldeak Odriozola fitxatu duelako lau mila euro emango dizkigutela. Hitzarmenaren arabera, Odriozolaren txikitako taldeak fitxajearen %10a jasoko du, eta futbol eskola dugun gainontzeko taldeen artean %5a banatuko da. Oso gustura gaude.

Duela bi hilabeteko KARKARA aldizkarian gutuna argitaratu zenuten, Udaletik jaso zenuten erantzun baten harira. Zertan da gaia?
Orioko Udalak herriarentzat lan egiten du, eta uste dugu herriko eragile guztiok errespetua merezi dugula, are gehiago musu-truk lanean ari garenok. Kontua da, Orioko Futbol Taldeko zuzendaritzako kide batek Anoetako eserlekuak Orioko zelaian jartzeko izapideak egin zituela; eskaria egin zuen Orioko Udalean, eta ez zitzaigun egokia iruditu erantzuna Whatsapp bidez jasotzea. Boluntario batek udalarena den azpiegitura bat hobetzeko ahalegina egiten badu, ezetz erantzutea zilegi da, baina erantzuna errespetuz eta arrazoituta eman behar dela uste dugu, baina ez Whatsapp bidez. 

Azkenean arrazoi teknikoengatik, neurriak bat ez datozelako, ezingo dira eserlekuak Orioko harmailetan instalatu, baina gutunarekin erantzuteko moduaz kexatu nahi nuen, ez emandako ezezkoaz.

Bestalde, futbol zelaiaren egoera egokia ez dela ere salatu izan duzue?
Gaur egun gure lehentasuna belar artifizialezko zelaia aldatzea da. Zelai horiek 10 urte inguruko bizitza izan ohi dute, erabileraren arabera. Gure zelaiak 13 urte egin behar ditu, eta azken urtetan asko handitu da erabiltzaile kopurua; Orioko futbol taldeek, Getariako Ketak eta OBB sofbol taldeak erabiltzen baitugu zelaia entrenatzeko eta partidak jokatzeko. Zelaia gero eta egoera okerragoan dago, eta lesioak ere izan dira zelaiaren egoerarengatik. Udaleko ordezkariekin bildu gara gaiaz hitz egiteko, baina jakin badakigu zelaia aldatzeak dirutza balio duela, 200.000 eurotik gora. Hala ere, beti esaten dut herriari arnasa ematen dion gunea dela Mendibeltz zelaia. Herritarrek aisialdirako tartea dutenean osasuntsuago eta zoriontsuago bizi dira, eta Oriorentzat aisialdirako bilgune garrantzitsua bihurtu da Orioko futbol zelaia, adin guztietako herritarrak biltzen baitira bertan. Beraz, garrantzitsua iruditzen zait inbertsioa egitea. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!