'Korrika badator'

Orioko Korrika Batzordea 2019ko ots. 25a, 14:14

'Norbaitek kilometroren bat erosi nahi balu, gogoan izan, 425 euro dela eta helbide honetara idatz dezake informazio gehiago eskatzeko: lierni-a.o@aek.eus'

Korrikaren 21. edizioak Gares izango du abiapuntu eta Gasteiz helmuga. Tartean, 12an hain zuzen, Oriotik igaroko da, 13:45 inguruan. Norbaitek kilometroren bat erosi nahi balu, gogoan izan, 425 euro dela eta helbide honetara idatz dezake informazio gehiago eskatzeko: lierni-a.o@aek.eus

Korrikak hasierako helburu bikoitzari eusten dio: babes ekonomikoa lortzea eta euskararen aldekotasuna sustatzea. Ildo horretan, euskaltegietan ditugun baliabideak oraindik ez dira nahikoak, aurrerapausoak izan badira ere. Eta, horrekin lotuta, eskolen doakotasuna ere, oraindik ez dugu lortu.

Euskaraldia ariketa sozialak mugimendua eragin du, baina giltzarria da euskara ikasleei oraindik eta babesgune edo espazio gehiago eskaintzea, benetan, denok euskaraz bizi gaitezen.

Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea. Horrek zer esan nahi du? Ez dakienari aukera eman behar zaiola, saiatzen ari denari laguntza eta dakienari hitz egiteko gogoa piztu.

Ariketak erraza dirudi: zirt ala zart egin, eta horri eutsi. Alabaina, guztion artean eginez gero izango du arrakasta.
Orioko Korrika batzordean, adibidez, argi dugu elkarlanean gauzak errazago egiten direla eta prest gaude gure gogo bizia herritarrei kutsatzeko.

Dagoeneko, biltzen hasiak gara, kultur etxean, eta ateak irekita ditugu, etorri nahi izanez gero. Izan ere, zenbat eta egitarau zabalagoa, orduan eta jende gehiagorengana iritsiko gara.

Korrika badator!