Jokin Eizmendi nagusitu da Plaza Berri harri-jasotze sarian

Karkara 2019ko mar. 10a, 16:44

Azkoitiko Baztarrikaldeko festen barruan egin zuten txapelketa atzo, eta zortzi harri-jasotzailek sei minutuko tanda bana egin dute 38 urtez gordeta egon den Plaza Berri harriarekin.

38 urtez gordeta egon ostean, kalera atera dute Plaza Berri harria, eta Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu duten Plaza Berri harri-jasotze sarian probatu ahal izan dute zortzi harri-jasotzailek 139 kiloko harritzarra. Aimar Galarraga eta Gorka Etxeberria oriotarrak, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarrak, Jokin Eizmendi zarauztarra, Joseba Ostolaza arroarra, Beñat Tellera eta Sergio Mielgo lehiatu dira proban –Josu Urbietak ez du parte hartu azkenean–, eta Eizmendik jantzi du txapela, harria 12 aldiz jaso ostean. Sei minutuko tanda bana egin dute harri-jasotzaileek, eta erraz nagusitu da zarauztarra; izan ere, haren atzetik sailkatu da Kortaberri, bederatzi jasoaldi eginda. Hirugarren postuan, berriz, Exeberria geratu da, Kortaberrik baino jasoaldi bat gutxiagorekin. Galarragak, Iruretagoienak, Ostolazak eta Mielgok, berriz, zazpina jasoaldi egin dituzte, eta Telleriak sei.

Segidan, berriz, aizkora erakustaldia egin dute Aitzol Atutxak, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga azpeitiarrak, eta Vicente izan da azkarrena zortzi pago enbor mozten.

Azkoitiko Baztarrikalde kalean ospatzen ari diren festen barruan antolatu dute Plaza Berri harri-jasotze txapelketa, eta dozenaka lagun izan dira frontoira bertaratu direnak. Atzo, ostirala, hasi ziren festak, mus txapelketarekin, eta bihar ere izango dute zer ospaturik. Izan ere, poniak eta zezenak izango dira haurrentzat, Zelai Luze ganadutegiaren eskutik, 12:00etan hasita. Arratsaldean, asto proben txanda izango da: 18:00etan, X. Joxe Astarbe Saria jokatuko dute Txibilter eta Koatei azkoitiarrek eta Aitor Gointziar itziartarrak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!