Ingemarrek Usurbilgo planta itxi eta 31 langile kaleratuko ditu

Karkara 2019ko api. 25a, 10:12

Enpresaren Galizako zuzendaritzak eta langileen batzordeak adostu dute planta ixtea eta bertan soldatapean lanean dauden 37 langileetatik 31 kalera botatzea. Bestalde, enpresak langileei "xantaia" egin diela salatu du ELAk: "Enpresak baldintza jarri du kaleratzeagatik jaso beharreko kalteordaina kitatzeko: langileek hitz eman behar dute ez dutela auzibidera joko".

Atzo, asteazkena, ELA sindikatuak ohar bidez salatu zuenez, Ingemarren Usurbilgo planta itxi eta bertan soldatapean lanean dauden 37 langileetatik 31 kaleratuko dituzte. Ingemar S.L. enpresako Galizako zuzendaritzak eta langile batzordeak hartu dute erabakia; hain zuzen, UGT (Unión General de Trabajadores) sindikatuko hiru ordezkarik eta CIGeko (Confederación Sindical Galega) bi ordezkarik osatzen dute langile batzordea.

"UGTk, zuzendaritzarekin batera, Usurbilgo langileen kaleratzea bultzatu du; zoritxarrez, CIGeko ordezkariek ere sinatu egin dute akordioa. Hau deitoragarria da, Usurbilen ordezkaritzarik ez duten bi sindikatu horiek erabaki baitute Gipuzkoako langileak lanik gabe uztea", adierazi du ELAk.

Bestalde, Ingemarreko zuzendaritzaren jarrera salatu dute atzoko oharraren bidez: "Kudeatzaile hauek ez dute eskrupulurik, eta beren jokabideak jazarpen penala merezi du". Izan ere, enpresak langileei "xantaia" egin diela azaldu dute: "Enpresak baldintza jarri du kaleratzeagatik jaso beharreko kalteordaina kitatzeko: langileek hitz eman behar dute ez dutela auzibidera joko". Beraz, Ingemarrek planta itxi izanagatik langileek kalteordainak jaso nahi badituzte, bide judizialik ezingo dute hartu.

Langileen borroka luzea

Ingemarren Usurbilgo plantako langileek greba mugagabea hasi zuten aurtengo martxoan. 2017. urte erdialdean, 47 langilerentzat "azkentze-EEE" bat aurkeztu zuen Ingemarreko zuzendaritzak. Horietatik 31 Usurbilgoak ziren, 6 Lugokoak eta 10 Espainiako estatuan sakabanatuta dauden bost biltegietakoak. EEE horren helburua "estatuko beste lantegiak erabiliz langileak kaleratzea eta lantegia 4 milioi euroko aktiboak dituela ixtea" zela salatu zuten Usurbilgo beharginek.

Bestalde, enpresaren berregituraketa prozesuaren barruan, 2009. urtean Usurbilgo lantegia pixkanaka "deskapitalizatzeari" ekin ziotela salatu zuten aurtengo martxoko agerraldian, "ekoizpena deslokalizatuz eta langileak kaleratuz".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!