Zazpi milioi kilo antxoa harrapatu dituzte dagoeneko

Karkara 2019ko mai. 6a, 18:00

Leandro Azkue oriotarrak ere eman zuen antxoaren eta berdelaren kanpainen berri Getarian. (Izaskun Urbieta Esnal)

Arrain kontsumoa %3 jaitsi den arren, antxoaren kanpaina ona izaten ari dela azpimarratu dute. Dagoeneko zazpi milioi kilo antxoa inguru deskargatu dituzte Euskadiko portuetan. Berdelaren kanpaina, berriz, 8.900 tona harrapatuta amaitu da.

Pasa den ostiralean, maiatzak 3, antxoaren eta berdelaren kanpainen berri eman zuten Getariako Elkano Arrantzale Kofradian. Hain zuzen, bertan izan ziren Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendari oriotarra; Emeterio Urresti Kofradiako lehendakaria; Nikanor Lertxundi Getariako alkatea; Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantza Federazioko lehendakaria eta Aurelio Bilbao Bizkaiako Arrantza Federazioko lehendakaria.

Orozek nabarmendu zuenez, behera egin du arrain freskoaren kontsumoak. "Herritarrak kontzientziatu behar dira arraina kontsumitzea ona dela. Garaian garaikoa jatea da egokiena, eta ahal dela euskal flotak harrapatutakoa", gogorarazi zuen. Hala ere, antxoaren kanpaina ona izaten ari dela azpimarratu zuen. Guztira, 13 milio kilo inguru antxoa harrapatu dituzte, eta horietatik zazpi Euskadiko portuetan deskargatu dituzte. "Oso kanpaina bizia izaten ari da, eta bataz beste 1,23 euroan saldu da antxoa kiloa", aipatu zuen. Iaz, zortzi milioi kilo harrapatu zituzten, eta bataz beste 1,52 euroan saldu zuten kiloa.

Berdelaren kasuan, 8.900 tona inguru deskargatu dituzte euskal portuetan, eta bataz beste 1,36 euroan egon da kiloa. "Arrantzatzeko kuota jaitsi egin da, aurten % 20, beraz, hori ere ikusi da arraina harrapatzerako orduan". Iazko datuei erreparatuz, 11 milioi berdel harrapatu zituzten eta batez beste 0,97an saldu zuten kiloa. "Euskal flotak ez du galera handirik izan berdelaren prezioa igo delako, baina kuotak errepasatzeko eskaera egin nahi dut, izan ere, eta datu zientifikoetan oinarrituta, itsasoan nahikoa berdel dagoela esan daiteke".

Arrantzarako neurriak

Antxoaren Kantauriko harrapaketa %60-65ean izango dela kalkulatzen dute adituek: "Hala ere, oraindik kanpaina bukatzeko denbora falta da, beraz, ikusiko dugu zer gertatzen den", esan zuen Orozek.

Eugenio Elduaienek, Gipuzkoako Arrantza Federazioko lehendakariak, bere aldetik arrantzaleek hartu behar izan duten neurrietan jarri zuen arreta. "Antxoaren kanpaina erdipurdikoa doa. Antxoa asko dago itsasoan, baina tamaina txikikoa da gehiena eta horrek prezioa baxua izatea dakar. Ontzi batzuk antxoa horien bila joaten dira eta kupoa azkar jaten dute errentagarritasunik bilatu gabe. Gu ez gaude horrekin ados", esan zuen. Hori dela eta, arrantzarako neurriak hartu dituzte; horien artean, itsasontziak egun batzuetan geldirik egotea. "Maiatza hasieran gaude eta dagoeneko %65 harrapatu da. Datu historikoa da. Horrek esanahi du antxoa badagoela, baina errentagarritasunari ere begiratu behar zaio".

Aurelio Bilbaok, amaitzeko, berdelaren aldeko aldarria egin zuen Getarian. "Ontzi batzuk arrain horren mende bizi dira, eta bere inguruan industria bat sortuta dago. Beraz, berdelaren aldeko aldarrikapena egingo dut gaurkoan, eta datorren urtera begira, kuota igotzeko eskaera egingo dut".

Emeterio Urrestik eta Nikanor Lertxundik antxoaren balioa azpimarratu zuten, eta Getariako erreginetako bat dela esan zuten. "Merezi duen tokia eman behar zaio antxoari. Balioan jarri behar da arraina, eta baita arrantzaleen lana ere", nabarmendu zuten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!