Aimar Galarragak hirugarren egin du XIII. Gorostidi Harriaren txapelketan

Karkara 2019ko mai. 7a, 17:15

Bederatzi harri-jasotzailek parte hartu zuten txapelketan. (Irati Urdalleta / Tolosaldeko Ataria)

Irigoien errezildarra izan zen txapeldun, lanak minutu bat, 53 segundo eta 51 ehunenean eginda. Eizmendi zarauztarrak egin zuen bigarren, eta Galarraga oriotarrak, aldiz, hirugarren. Hiru minutu, 20 segundo eta 65 ehunen behar izan zituen. Illaramendik eta Etxeberriak ere parte hartu zuten.

Aimar Irigoien errezildarrak irabazi du XIII. Gorostidi harriaren txapelketa. Igandean jokatu zuten lehia Adunako (Gipuzkoa) pilotalekuan, eta berez bederatzi harri jasotzailek parte hartu behar bazuten ere, lesioak medio, zazpi bertaratu ziren lehiara: Aimar Irigoien (Errezil), Jokin Eizmendi (Zarautz), Aimar Galarraga (Orio), Xabier Peñagarikano (Aizarnazabal), Imanol Illarramendi (Aia), Gorka Etxeberria (Orio) eta Josetxo Urrutia (Leitza). 160 kiloko zilindro zaharra, 155eko errektangular zaharra, 139 kiloko harri baldarra, 150 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola izan zituzten parez pare kirolariek, eta harri bakoitzari bi jasoaldi eman behar izan zizkioten.

Aimar Irigoien izan zen lanak azkarren egin zituena: minutu bat, 53 segundo eta 51 ehunen behar izan zituen. Ondoren, Jokin Eizmendi sailkatu zen, bi minutu, 27 segundo eta 40 ehuneneko denborarekin. Hirugarrena Aimar Galarraga izan zen, eginbeharrak hiru minutu, hogei segundo eta 65 ehunenean eginda. Laugarrena izan zen Xabier Peñagarikanok hiru minutu, 59 segundo eta 37 ehunen behar izan zituen lanak amaitzeko. Imanol Illarramendi izan zen bosgarrena lau minutu eta 11 ehuneneko denborarekin. Gorka Etxeberria seigarren sailkatu zen, bost minutu, 22 segundo eta 90 ehuneneko denbora eginda. Josetxo Urrutiak, berriz, ez zuen lortu 150 kiloko harri kubikoa jasotzea.

Beste erronka bat ere bazegoen harri-jasotzaileentzat: 185 kiloko zilindroa esku bakarrarekin jasotzea. 500 euroko saria zuen helburua lortzen zuenak, baina inor ez zen ausartu harria altxatzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!