Lertxundiren 'Otto Pette' lanaren 25. urteurrena oroituko dute Literaturian

Karkara 2019ko mai. 8a, 11:00
Anjel Lertxundi izango da Literaturian omenduetako bat. (Amaia Urbieta Arruti)

1994ean argitaratu zuten Anjel Lertxundiren Otto Pette liburua. Editoreek "biharko klasiko bat" izango zela iragarri zuten, eta baita asmatu ere. 25 urte bete ditu aurten, eta urteurrenaren harira, euskal literaturari ekarri dionaz hausnartu dute hamaika egitasmotan.

Omenaldia Literaturian

Asteburu honetan, maiatzaren 10etik 12ra, Literaturia jaialdia izango da Zarautzen, seigarrenez. Zu, naiz, Ni zara izenburupean, Zarauzko kaleak hartuko ditu euskal literaturak: "Literatura saretu eta landu nahi dugu, irakurleak maitemintzeko", azaldu du Yoseba Peña antolatzaileetako batek.

Egitarauaren barruan, Anjel Lertxundi omenduko dute larunbatean, Otto Pette lanaren urteurrenaren harira. 12:30ean izango da ekitaldia, Zarauzko Musika Plazan. Pantxi Santamaria antzezleak performancea eskainiko du, eta brindisa egingo dute txakolinarekin.

Donostian izan zen aurtengo Literaturiaren aurkezpena, eta bertan izan zen Lertxundi. Otto Petteren inguruan hitz egitean, azaldu zuen irakurleek egiten dutela posible liburu batek irautea: "Egunero egiten ditu libururen batek 50 urte, baina jendea ez da gogoratzen".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!