Orio Eraginek eskubaloi udalekuak egingo ditu ekainean

Karkara 2019ko mai. 10a, 13:00

Orion eskubaloian jokatzen duten gazteen kopuruak gora egin duela ikusita, Orio Eragin Eskubaloi Kluba sortu berri dute. Aste honetan aurkeztu dute proiektua, eta hurrengo ikasturteari begira jarri diren arren, udan hasiko dira motorrak berotzen. Ekaineko eskubaloi udalekuak izango dira lehenengo helmuga.

Aurten, Orioko Herri Ikastolaren izenpean eta Zarautz Kirol Elkartearen babesarekin, 70-80 neska inguruk jokatu dute eskubaloian Orion; hain zuzen, infantil mailako bi taldek, kimu mailako talde batek eta Eskubaloi-Eskolakoek. Beraz, herrian eskubaloian dagoen parte hartzea ikusita, "erronka berri" bati eustea erabaki zuten zenbait kidek. Hala, aste honetan aurkeztu dute emaitza, Salatxon: Orio Eragin Eskubaloi Kluba sortu dute datorren ikasturteari begira. Une honetan, zazpi pertsonak osatzen dute kluba; Idoia Larrañagak, Garikoitz Garagarzak, Alazne Arrillagak, Ander Agotek, Olatz San Sebastianek, Mikel Loidik eta Maria Azkuek.

Motorrak berotzen

Datorren ikasturteari begira jarri diren arren, Eraginekoak udan hasiko dira motorrak berotzen. Ekainean eskubaloi udalekuak egingo dituzte, Karelan eta Orioko hainbat txokotan. Bost eguneko iraupena izango dute, ekainaren 24tik 28ra, eta bi talde bereiztuko dituzte: LH2, LH3 eta LH4ko gazteek talde bat osatuko dute, eta LH5 eta LH6koek, beste bat. Goizez izango dira bost saioak, 09:00etatik 13:00etara, eta jarduera ugari barnebilduko dituzte; hala nola, eskubaloian hastapena, jolasak, irteerak hondartzara eta eskulanak.

Maiatzaren 16an, osteguna, irekiko dute izen-ematea, eta maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik. Eraginen bulegora (Karela) bertaratuta eman ahalko da izena, edo bestela, orioeskubaloia@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzeko aukera ere izango da. Izena eta adina zehaztu beharko dira mezu horretan. 50 euro ordaindu beharko ditu pertsona bakoitzak, eta antolatzaileek azaldu dute plazak mugatuak izango direla.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!