Agur lagun! eta milesker Jon, bihotz-bihotzez!

Xabier Ugarte 2019ko eka. 7a, 09:00

KARKARAren 406. zenbakian, gutunen atalean, Xabier Ugarte musikariak idatzitakoa argitaratu zen. Hona hemen Ugartek Jon Rekarteren heriotzaren harira idatzitako gutuna, osorik.

Maiatzaren 9an hil zen Jon Rekarte, Aus_art Records disketxeko burua, arima eta bihotza. Gaixotu eta oso egun gutxira utzi gaitu Jonek.

Ez naiz ni trebea idazten eta gauzak behar den moduan esaten, eta horretara jartzea asko kostatzen zait, baina, Jon nire lagun handiaren heriotzaren aurrean ezin nuen egon zerbait esan gabe.

Gogorapenak batzuetan borborka etortzen zaizkit, eta horrela hasi naiz kontu batzuk idazten, geroan ere gogoan izateko. Hogei urte baino gehiago izango dira Oñatiko Santa Ana aretoan ezagutu nuela. Grabaketa bat egitera etorria zen, ez dut gogoratzen noren eta zeren grabaketa. Baina orduan egon ginen elkarrekin euskal musikaren inguruko kontuak esaten, eta gogoan dut esan niola "jo, Jon, ikaragarri gustatzen zait zuk egiten duzuna!", eta komentatu nion Madinaren eta Agustiñoen artxiboko kontuak eta berak erantzun zidan "bada, zeozer daukazunean eta nahi duzunean grabatuko dugu".

"Nire aldetik ez dago eragozpenik. Eguna, ordua eta lekua aukeratu eta han bilduko gara eta grabatu".

Hortik aurrera maiz elkartzen ginen eta nik nire proiektuen berri ematen nion (denetarako baietz esaten zidan) eta berak bere lanak eta bere proiektuak erakusten zizkidan. Zer esanik ez dago asko ikasten nuela berarekin, euskal musika zuen ardatz, eta asko zekien. Madinaren lanekin hasi ginen, Arantzazu Poema sinfoniko-korala CDra pasatu zidan eta horrela berrargitaratu ahal izan genuen 1985ean egindako grabaketa Bartzelonako Orkestra Sinfonikoak, Oñati Abesbatzak eta Elgoibarko Parrokiko abesbatzak, Juan Karlos Irizarren zuzendaritzapean. Argitalpen berria egin genuen Aus_art Records-ekin. Makinatxo bat CD grabatu eta argitaratu zizkidan. Ondoren etorriko ziren pianorako lanak, organorakoak, arparakoak, abesbatzak, otxoteak, gitarrarakoak, eta abar. Berari asko gustatzen zitzaion grabaketa zaharrak digitalizatzea (MP3 formatura pasatzea eta txukun garbitzea). Auskalo zenbat zinta zahar, cassette eta disko zahar garbitu zizkidan.

Gogoan dut, duela 15 urte inguru Joxe Antonio Azpiazuk, Jonek eta neuk egindako bidaia Ginebrara, Suitzako Euskal-etxeak prestatutako Euskal Jaian parte hartzera. Joxe Antoniok Euskal Herriko historiaz hitzaldia emango zuen, Jonek Aus_art Records disketxeko musika aurkeztuko zuen, eta ni bien laguntzaile lanetan. Donostian hartu genuen autobusa,
dantzari eta rok musikarien artean. Lupe Azpiazuk eskuzabalik hartu gintuen, eta ederki pasatu genuen. Halako batean, han agertu zitzaigun gure Iparragirre handiaren biloba, txiletarra bera. Aus_art_Records (the Basque classical label) disketxeko katalogoari begirada azkar bat ematen badiogu zerrenda oso luzea da. 200 CD baino gehiago. Pianorako musika; Abesbatzen musika; Musika Sacra Vasconiae izeneko saila, Arantzazuko musika, Iruñako Katedraleko musika, Euskal Kaputxinoak eta XX.mendeko musika, Organorako musika (organo joleak eta organoak), eta Musika instrumentala, Klarinetearen artea, Gitarraren artea, Txistu hotsak, Arpa eta Gitarra, Bandak, eta abar. Zerrenda ikaragarria da. Euskal musika klasikoaren eremuan paregabea. Orain, bere lan hori guztia non geldituko da? Ez al du merezi aitortza zabal bat? Nik neurea egin beharra sentitzen dut, eta horra nire esker ona. Mila esker Jon, hain eskuzabal eta bihotz-zabal izateagatik nirekin! Nire doluminak eta besarkada handiena Jonen etxeko Pati, Ionari eta Manexi.

Ez dakit Jon sinestuna zen ala ez, eta egia esan, ez zait inporta ere. Baina badakit Jonek gure artistengan sinesten zuela: musikagileengan, musikariengan, idazleengan, poetengan eta abar. Mesanotxe gainean daukat iaz Jonek berak oparitu zidan Lizardiren Olerkiak liburua (bitxikeria hau bigarren eskuko liburu azoka batean merke-merke aurkitu zuen eta niretzat erosi). Berak esaten zidan moduan, "poliki-poliki dastatzeko, gazta zahar bat dastatu behar den
bezala, gutxinaka janez". Ba, bai Jon, gutxinaka ari naiz irakurtzen, dastatzen, eta orain esku artean hartzen dudanean liburua zurekin pentsatzen jartzen naiz. Gogora datorkit maiatzaren 1ean, Donostian zeundenean ingresatuta, eta Malen eta biok bisita egitera joan ginenean burua martxan jarri genuela berriro proiektuekin. Kontatu nizun Donosti Ereskirekin Oñatiko gregorianoaren inguruan zenbat material bildua genuen, eta horra zure ekarpena: "Oñatiko gregorianoaren (Arantzazu, Parrokia, Bidaurreta, Santa Ana) mostra bat aukeratu eta grabatu, eta jarri CDaren izenburua, In memoriam Iñaki Beristain". Ez dakit burutuko dugun proiektu hori, baina behar bada beste bat ere landu
beharko dugu: In memoriam Jon Rekarte izenburupean.

Seguru musikari asko prest egongo direla horrelako zerbait burutzeko.

Eskerrik asko bihotz-bihotzez Jon, eta Agur eta Egun Handira arte!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!