Ajea

Karkara 2019ko eka. 8a, 15:56

KARKARAren 406.zenbakian argitaratutako hilabeteko kronika.

Hauteskunde biharamunarekin sartu ginen maiatzean, eta hauteskunde biharamunarekin hasi dugu ekaina. Aspaldian ez zen horrelakorik gertatu, Orion 12 hauteskunde-mahai osatu behar izan dira, Aian 4; bosna gutun azal aukeratu behar izan ditugu denbora gutxian, eta milaka boto kontatu mahaietako presidente, bokal, ikuskatzaile eta apoderatuek. Politikariek, udaleko langileek eta kazetariek ordu estrak sartu behar izan dituzte. Gure herrien onerako izango al da!

Biharamuna, edo beste era batera esanda ajea, Orioko EH Bilduko zenbait jarraitzaileek izango zuten astelehenean Kolon Txikiko argazkiek aditzera ematen zutenez. Besteek, aldiz, ez zuten biharamun gozorik izango. Ezin denak irabazi. Hala eta guztiz ere, ikuskizun dago oraindik nor izango den alkate Orion. Ekainaren 15erako erabaki beharra daukate, zirt edo zart.

Bi hauteskunde aldien artean, ordea, oriotar eta aiarren bizitzak aurrera segitu du. Futbol denboraldia amaitu da, arraun taldeak motorra ederki berotzen ari dira, ez oraindik Aiako igoeran parte hartu zuten kotxeak bezain beste, baina ia-ia. Mendi lasterkariek ere hauspoa ondo bete zuten Ikastolak antolatu zuen mendi lasterketan, eta ikasturteko azken txanpan, honezkero, eskoletako ikasle eta irakasleek burua gainezka izango dute.

Udaberria euritsu antzean dabil, akordatu bestela Asentzio Feriako igandeaz, ea nola segitzen duen. Udara aurretik, ordea, badakizue Balearen egunarekin batera etortzen direla kinto afariak. Argi biharamunarekin!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!