Langabeak kontratatzeko diru-laguntzak emango ditu UKUEk eskualdeko enpresentzat

Karkara 2019ko uzt. 18a, 10:54
Eskabideak aurkezteko epea amaituko da irailaren 20an. Orotara, 214.500,00 euro emango dira diru-laguntzatan.

Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdia egin du eskualdeko enpresentzat, eskualdeko langabeak kontratatzeko. 214.500,00 euro emango ditu UKUEk diru-laguntzetan, eta eskabideak aurkezteko epea irailaren 20an amaituko da.

UKUEtik azaldu dutenez, "azken hiru-lau urteetan langabezia tasak behera egin du eskualdean, krisialdiaren aurreko urteetako tasetara hurbilduz. Hala ere, gizatalde batzuk beste batzuk baino zailtasun handiagoak dituzte lana lortzeko, emakumeek edo 45 urtetik gorakoek esaterako. Horrekin batera, krisialdiak eragin nabarmena izan du enpresen lehiakortasunean, eta urte zailak igaro dituzte enpresa asko, horregatik, sarri uzkur agertzen dira langileak kontratatzeko". Horren aurrean, udal elkarteak kontratazioa sustatu nahi du, bi helbururekin. Diru-laguntza deialdiarekin, alde batetik, enpresei lagundu nahi die langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten eta, ondorioz, lehiakortasuna hobetzen; bestetik, enplegurako politika aktiboak indartu eta lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten gizataldeetako pertsonak kontratatzea sarituko dute. 

Diru-laguntzak
Eskabideen balorazioan bereziki baloratuko dira emakumeak kontratatzen dituzten enpresen eskabideak, izan ere, 18 dirulaguntza gordeko dira emakumeak kontratatzen dituzten eskabideentzat eta gainerakoetan ere puntuazio handiagoa izango dute emakumeak kontratatzen dituzten eskabideek.

Diruz lagunduko diren kontratuak izango dira gutxienez 3 edo 6 hilabetekoak, lanaldi osokoak edo eta gutxienez %50eko lanaldia dutenak. Diru-laguntzen zenbatekoa 1.500,00 eta 9.000,00 euro bitartekoa izango da, kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien eta kontratuaren iraupen eta lanaldiaren arabera.

Diru-laguntza eskuratzeko, kontratatutako pertsonak hainbat baldintza bete behar ditu, besteak beste:

  • Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda egongo da enplegu eskatzaile gisa, langabezia egoeran.
  • Bere lana egingo du eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) kokatutako lantokietan.
  • Eskabideen balorazioan lehentasuna izango dute eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) erroldatutako pertsonak kontratatzen dituzten eskabideek.

Eskabideak
Eskabideak aurkeztu behar dira Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta bidea 6, Zarautz) 2019ko irailaren 20a baino lehen. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!