Miguel Angel Lizarralde 'Altxerri' eta Eder Etxeberria, Orioko arraunlari ohiak

"Sekulako balentria da eta asko kostatuko da berriz ere errepikatzea"

Aritz Mutiozabal 2019ko ira. 5a, 12:03
(Aritz Mutiozabal)

Kontxako Banderako bigarren estropadari begira, Orioko bi traineruez aritu dira solasean Altxerri eta Etxeberria.

Kontxak beti du zapore berezia. Beharbada, aurtengoak bereziagoa du?

Miguel Angel Lizarralde:  Ezberdintasuna nesken aldetik ikusten dut nik. Urte sasoi gehienetan mutilak bertan egotera ohitu gara, eta azken urtetan neskak ere izan dira. Baina aurtengo urtea berezia da, neskek irabazteko aukera handiak dituztelako. Gero, mutilak ere hortxe daude. Berezitasun handiena da bi talde daudela bandera ekartzeko aukerekin, eta hori ez dela batere ohikoa.

Eder Etxeberria: Orain arte trainerua osatzen zuten 13-16 arraunlariek eta horrek mugitzen zituen haien familiakoak eta ingurukoak. Orain hori biderkatu egin da. Gainera, arraunean ari diren asko oriotarrak dira, eta nabari da harrobiaren indarra. Beraz, jende gehiago dago inplikatuta; izan ere, azken urtetan galdu egin zen zaletasun hori. Aurten, bi taldeek nolabait berpiztu egin dute afizioa, banderak irabazita.
Neskak horren goian egonda, bai liga irabazita bai Kontxako Bandera eskura izanda, Orioz hitz egin dezakegu jada arrauneko lehen potentzia bezala?

M.A.L.:  Kontxa ezberdina da, hiru estropada jokatu behar direlako. Ez da liga bat bezala, estropadaz estropada gauzak egiten zoazena. Kontxan, aldiz, akats oso gutxi egin ditzakezu. Orduan, klub bereko bi talde egotea irabazteko aukerekin, neskak arraunean daudenetik, uste dut ez dela inoiz eman. Oraindik ez da gertatu, baina neskek urte osoan izan duten erregulartasuna eta fidagarritasuna kontuan izanda,  gainerako traineruen aldean puntu bat gorago daude. Orain arte estropada bakarra galdu dute, eta horrek lasaitasuna ematen du. Mutilen kasuan, berriz, aurreko astean irekia zegoen gauza, baina igandeaz geroztik konplikatu egin da.  Hala ere, biek dute bandera herrira ekartzeko aukera, nahiz eta neskena garbiago egon. Honek guztiak Orio bezalako herri txiki batentzat asko esan nahi du. Klub bezala oso ongi funtzionatzen ari dela, alegia.

E.E.: Bost mila biztanleko herri txiki batek bi traineru izateak eskatzen du jende ugari inguruan: ez bakarrik arraunlariak, baita entrenatzaileak, erremolkea eramaten eta ekartzen dutenak, zuzendaritzarentzat ere lana bikoiztu egiten da... Lana egiteko prest dagoen jendea dago, eta horrek argi erakusten du klub potente bat dela. Gauzak ongi egiten dira, harrobitik arraunlariak ateratzen dira, eta  urteen poderioz mantendu egiten da dinamika hori. Mutilen kasuan argi dago azken urteetan potentzia izan dela, eta nesketan falta zitzaion azken eskailera horretara iritsi da aurten; jada esan genezake bietan dela potentzia.

Kontxako lehenengo igandean sei segundoko aldea atera zuten Orioko neskek. Abantaila horri eutsiz gero,  igande honetan bandera etxera.

E.E.: Garbi dago! Denboraldi osoan erakutsi duten nagusitasunarekin, nik uste dut ez dagoela dudarik. Bandera irabazteko faboritoak dira, eta gauzak oso gaizki joan behar zaizkie galtzeko. Kontuan izan behar da nesken estropada mutilenaren erdia dela, eta sei segundoko aldea dela mutilen estropada batean hamabi segundokoa bezala. Beno, presiorik egin gabe, baina nesken Kontxako Bandera Orion espero dugu.

M.A.L.: Orain arteko lana egiten baldin badute, oso zaila izango litzateke ez lortzea. Gure nahia haiek irabaztea da, baina irteeran egon beharko dute eta egunean bertan estropada jokatu. Kontzentratuta joango dira eta uretan oso ongi egin beharko dute beraien lana. Dena dela, edozeinek nahiko luke une honetan Orio dagoen egoeran egon.

Zalantza gehiago dago mutilekin ala ahal dira Hondarribiak ateratako bost segundo eta erdi horiek gainditzea?

E.E.: Ahal dira gainditu, noski! Aurtengo estropadetan erakutsi dute hori lortzeko gai direla, bost, zortzi edota hamar segundo atereaz bati zein besteari. Diferentziak mozteko eta pasatzeko gai dira, baina kasu honetan atzetik datoz, eta Hondarribia ere oso ongi aritzen da arraunean. Itsasoa eta Kontxa oso gustuko dute, Oriok bezala. Nik igande honetan ez nuke apustu seriorik egingo inoren alde, ezta abantaila duenaren alde ere. 

M.A.L.: Orio puntutxo bat gorago egongo zela zirudien Kontxako lehen estropadan. Orain, aldiz, gauza konplikatu egin da. Hondarribiak bere lana ondo egin zuen, eta Santurtzik ere ikaragarrizko estropada egin zuen, nahiz eta atzetik geratu. Datorren iganderako, bai, bost segundo eta erdi da diferentzia, baina inor ez dago hor lasai egoteko. Aurrekoek ez ezik, atzekoek ere aukerak izan ditzakete eta. Orduan, ikusi egin beharko dira balizak ere; hiru ontzietako bati ere ez zaio baliza on-on bat tokatuko. Agian, xehetasun horiek, presioa ondoen eramaten duenak eta estropada biribilena osatzen duenak lortuko du bandera. Aukerak ez daude oraindik itxita.

Itxaropena ez omen da galtzen.

E.E. eta M.A.L.: Ez, ez, eta Orion, gainera,  are gutxiago.

E.E.: Liga kasik irabazita dute mutilek, erregularrenak direla erakutsiz. Hori dela eta, igande honetako estropada nik Oriori emango nioke, baina egia da atera behar duen diferentzia handiagoa dela. Beti jartzen da faborito bezala aurretik dagoena: Hondarribia lehen postutik ateratzen da, baina Oriok aukera handiak ditu. 

Ligan biko bat lortu du Oriok, nesken eta mutilen liga irabazita; Kontxan irabaziko balu, biko bikoitza izango litzateke eta historikoki klub batek lortuko lukeen lehen aldia. 

E.E.: Hori mutilen esku dago, haiengan dago presiorik handiena. Herri txiki bateko klub handi batentzat sekulako balentria da, eta asko kostatuko da berriz ere  hau errepikatzea. Gainera, gero eta maila handiagoa dago eta irekiagoa da lehia, parekidetasun gehiago dagoelako mutiletan zein nesketan.

M.A.L: Hori orain arte ez da gertatu, historikoa izango litzateke! Gero, ahaztu egiten zaigu, baina KAE 2 ligan ere irabazi egin dute, eta horrek esan nahi du klubetik egindako lana izugarria dela: jende hori guztia mugitu, mutil eta neska, eta kategoria bakoitzak bere ligan emandako maila oso goraipatzekoa da. Balioa eman behar zaien gauzak dira, herri txikia izan arren jendea asko saiatzen da bizirik mantentzen barruan daramagun arraunerako sua. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!