Orioko flota desagertze bidean

Karkara 2019ko ira. 6a, 10:45

Azken hiru hamarkadetan nabarmen aldatu dira gizartearen ohiturak. Horrek, eragina izan du bertako lanbideetan eta itsas ondarean. Orion, esaterako, bost itsasontzi geratzen dira egun, eta arrantza sektoreak badaki urte gutxi geratzen zaizkiola Orioko flotari. Xabier Alberdi eta Xanti Peirok beren iritzia eman dute KARKARAren 408. zenbakian.

San Antonio Egunean, San Nikolas Kofradiako kideek azken argazkia atera zuten kofradia zaharraren aurrean. Une hunkigarria izan zen herriko arrantzaleentzat, laster eraitsiko baitute herriko ekonomiaren eragile garrantzitsua izan den sektorearen ikurra.

Azken 30 urteetan behera egin du nabarmen baxurako  arrantza flotak herrian, eta kofradia zaharra ere beheraldi horren isla izan da. 90eko hamarkada hasieran 30 itsasontzi inguru zeuden herrian, eta gaur egun bost dira. Fenomeno hori ez da Orion soilik gertatu, Euskal Herriko beste hainbat herritan ere atzeman baitute gainbehera. "Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta horiek zerikusi zuzena izan dute arrantza sektorearen egoeran. Hala ere, badaude Euskal Herri mailan eragin duten faktore orokorrak ere", azaldu du Donostiako Ontzi Museoko zuzendari Xabier Alberdi historialari eta antropologoak. Izan ere, portu batzuetan flota desagertu egin da, eta beste batzuetan murriztu, Orion bezalaxe.

Alberdiren iritziz, baxurako arrantza sektoreak hainbat oztopo gainditu behar izan ditu azken hamarkadetan. "Alde batetik, nazioarte mailan, estatu bakoitzak bere arrantzategiak ustiatzeko araudia finkatu zuen, eta Europatik kuotak ezarri zitzaizkien itsasontziei. Bestetik, jasangarriak ez diren arrantza tekniken hedapenak ere eragina izan zuen baxurako arrantzan; herritarrek gogoan izango dituzte 90eko hamarkadan gure arrantzaleek egin zituzten protestak ontzi frantsesek erabiltzen zituzten sare pelagikoen aurka". Horiez gain, itsas ondarean adituak uste du ingurumenarekin zerikusi duten hainbat faktore ere bat etorri direla, eta zenbait espezieren biomasa txikitzea eragin dutela. "Prestigek sortutako kutsadura izan zen horietako bat, baita ingurumenarentzat kaltegarriak diren arrantza tekniken erabilera ere. Izan ere, ingurumenean ez du ondorio bera atuna banaka- banaka kanaberarekin harrapatzeak edo sare erraldoiekin arrantzatzeak. Ondorioz, egun arrantzaleek, geroz eta urrutiago joan behar dute lehen itsas bazterrean aurki zitezkeen espezieak arrantzatzeko".

Bat-batean, aldaketa

Alberdik uste du, gizartearen ohitura aldaketek ere ondorio zuzena izan dutela arrantza sektorearen beheraldian. "Mendeetan itsasoarekin izan dugun lotura hausten ari da. Itsasoan ez dugu etorkizunik ikusten, ez dugu bizimodua aurrera ateratzeko aukera bezala ulertzen, eta lehorreko lanbideen aldeko hautua egin dugu herritarrok. Kultura arloan ere gauza bera gertatu da, lehorreko kultura da baloratzen duguna, eta kostaldeko herrietako itsastartasuna galtzen ari gara, ziztu bizian gainera". Hori horrela, etorkizunean izango al dugu gure kostaldean marinelik?.

Historialariaren iritziz, ez da irudimen handirik behar etorkizun hurbilean gertatuko dena iragartzeko. XXI. mende hasieran, esaterako, Euskal Herriko arrantza- ontziak bat-batean arrantzalerik gabe geratu ziren. Gogoan du gertatutakoa Orioko Kofradiako presidente ohi Xanti Peirok ere. "Adreiluaren burbuila puzten hasi zenean, arrantzale askok lehorrean lana bilatu eta itsasoa uztea erabaki zuten. Oso gogorra izan zen egoera ontzi- jabeontzat, kanpaina batetik bestera tripulaziorik gabe geratu, eta atzerrira joan behar izan baikenuen arrantzale bila. Aurrena ekialdeko herritarrak, eta gero afrikarrak etorri ziren euskal itsasontzietara lanera". Burbuila lehertu, eta krisi ekonomikoa iritsi zenean, ordea, bertako asko lanik gabe geratu ziren. Pentsatu zuten itsasora bueltatzeko aukera izango zutela. "Guk, ordea, ezin genituen urteetan gurekin lanean aritu ziren atzerriko arrantzaleak bota, bertakoak hartzeko. Tentsio uneak bizi izan genituen moila gainean".

Arrauna oriotarren bereizgarria

Arrantzaren etorkizunaz hausnartzerakoan, aurrez gertatutakotik ikasi behar dela uste du Xabier Alberdi historialariak. "Garaiak aldatzen ari diren heinean, herritarren beharrak aldatu egiten dira. Mendeetan gure kostaldea eta erribera ontziolez beteta egon da, eta bertan zurezko ontziak egiten zituzten ontzigintza tradizionaleko teknikak erabiliaz. Teknologia eta material berriak agertzearekin batera, ordea, zurezko ontziak alde batera geratu ziren, eta altzairuzko arrantza ontziak eta plastikozko ontzi txikiak eraikitzen hasi ziren. Horrek ontziola tradizional gehienen gainbehera ekarri zuen".

Gaur egun, berriz, itsas ondarea berreskuratu nahian dabiltza kostaldeko hainbat herritan, eta ontzigintza tradizionala berreskuratzeko proiektuak sortu dituzte Orioko Mutiozabal da horren adibide.

Herrian arrantza desagertzear badago ere, Alberdik uste du oriotarrek badutela beste herrietatik desberdintzen dituen itsas ondarea: arrauna. "Oriotarren identitatearen parte da arrauna, eta hori oso garrantzitsua izan daiteke herriaren itsastartasuna bizirik mantentzeko".

Dena dela, historialariaren iritziz oriotarrek eta herriko erakundeek ahalegin berezia egin beharko lukete, belaunaldi berriei kirol arloaz harago, arraunaren oinarrian dagoen itsas ondarea, tradizioa eta herri izaera helarazten. "Itsas ondarea belaunaldi berriei transmititzea erronka garrantzitsua da Oriorentzat eta oriotarrentzat, horrek baldintzatuko baitu herriaren izaera bizirik mantentzea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!