"Nahiz eta bapore gutxiago egon, lehen baino lan gehiago dugu"

Karkara 2019ko ira. 9a, 11:30

20 urterekin hasi zen Ima Peiro sare josten. Egoera asko aldatu da ordutik, 40 saregile izatetik zazpi izatera igaro baitira. Hala ere, ez du uste ofizioa desagertuko denik.

Ima Peiro, saregilea

Arrantzaleen lana eta saregileena eskutik joan da betidanik. Ezin batak bestea gabe aurrera jarraitu. Arrantzaleei itsasoan sarea puskatzen zaienean, zarrata handiegia ez bada eurek konpontzen dute, gaua salbatzeko. Lehorrera bueltatzen direnean, ordea, saregileena da lan hori, eta ordu ugari pasatzen dituzte buru-belarri lanean, baporeak ezin baitu itsasora joan sarerik gabe. Lanbidea gertutik ezagutzeko solasaldia izan du KARKARAk Peirorekin. Etorkizunaz ere aritu da.

Noiz hasi zinen saregile lanetan?
Nik Administrari ikasketak egin nituen eta lanik ez nuenez aurkitzen, aitari esan nion bitartean amari laguntzen hasiko nintzela. 20 urterekin hasi nintzen laguntzen. Berehala ohartu nintzen ofizioa asko gustatu zitzaidala, eta bertan geratu nintzen lanean. Eta hemen jarraitzen dut.

Gogoan duzu zenbat saregile zineten orduan?
Uste dut berrogei emakume inguruk jarduten genuela.

Urte haietan zegoen itsasontzi kopurua kontuan hartuta, orain baino lan gehiago izaten zenuten? Nolakoak ziren lanaldiak?
Ez, orain baino gutxiago izaten genuen, langile asko ginen eta. Lehen, goizetan, 10:00etatik 12:00etara egiten zen lan, gehienak etxeko andreak ziren eta etxerako erosketak egiten zituzten goiz partean. Arratsaldeetan lan gehiago egiten zen eguerdi partean hasi eta 20:00ak ingurura arte. Orain, aberia asko daudenen ordu gehiagoz egiten dugu lan. Getariara ere joaten gara, eta amaitu arte jarduten dugu. Ofizioak, hala ere, berdin jarraitzen du. Erabiltzen dugun tresneria ere ez da aldatu, orratzak, guraizeak... berdinak dira. Sareak bakarrik aldatu dira, orain handiagoak dira. Beste guztiak orain dela 100 urte bezala jarraitzen du.

Zenbat saregile zaudete orain?
Neguan lau ginen, eta erretiratuta dauden hiru emakumek laguntzen ziguten. Lan asko zen hain langile gutxirentzat. Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin genuen, eta ikastaro bat jartzea lortu genuen saregile berriak hartzeko. Hiru emakume gehiago ditugu orain. Bik 50 urte inguru dituzte, eta gazteenak 40.

Arrantza sektoreak behera egin du azken urteotan. Zuen ofizioan eragin handia izan al du?
Gu goraka goaz, lehen baino lan gehiago dugu. Nahiz eta bapore gutxiago egon, sareak handiagoak dira, eta jende gutxiago gaude.

Etorkizunean zer uste duzu gertatuko dela zuen lanbidearekin?
Baporeek moilan jarraitzen duten bitartean etorkizuna ikusten diot saregileen lanbideari. Beti beharko da norbait puskatuta dauden sareak josteko. Bapore guztiak desagertzen badira, ordea, guk ere ezin jarraitu. Hala ere, bapore bakar batek martxan jarraitzen duen bitartean, saregile gutxi garenez, ez da izango lan faltarik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!