Hogei ekintza inguru eskainiko ditu Itsasotik Herrira jaialdiak gaur eta bihar Zarautzen

Karkara 2019ko urr. 11a, 13:30
Itsasotik Herrira ekimenaren aurkezpena, UKUEren egoitza aurrean. (UKUE)

‘Ingurumenaren uberan’ lelopean, Kostako udalerrietako kultura ondareari erreparatuko dio Itsasotik Herrirak Zarautzen. ‘Hauts’ bideo-mapping ikuskizuna sortu dute propio egitasmorako, eta lau aldiz emango dute.

Ingurumenaren uberari jarraituz ospatuko dute gaur, ostirala, eta bihar, larunbata, Zarautzen, Itsasotik Herrira. Kosta bailarako kultura ondarea ardatz hartuta, diziplina anitzeko hogei eskaintza ingururekin gozatzeko parada izango da egunotan; horietako hainbat, gainera, jaialdirako propio sortutakoak dira. Saio guztiak doan izango dira, eta Urola Kostako Udal Elkarteak ahalegin berezia egin du eskaintza herritar guztiengana bideratzeko.

Irekiera 17:30ean egingo dute gaur, ostirala, familia osoarentzat zuzendutako Inguru…Klown ikuskizunarekin. Hainbat dira haur eta gaztetxoei begira antolatutako gauzak: Entzunez sortu sormen-esperientzia tailerra, zirku tailerra, buruhandiak egiten ikasteko tailerra eta Olaten xuxurla ipuin kontaketa.

Zuzeneko emanaldi berritzaileei dagokienez, jaialdirako propio sortutako Hauts izeneko bideo-mapping ikuskizunak aparteko garrantzia hartuko du. Lau saio eskainiko dituzte bi egunetan, Arrosategi parkean. Animazio teknika, dantza eta antzerkia uztartuz osatutako lan horretan eskualdeko hamar profesionalek parte hartuko dute.

Musika ere ez da faltako. Unax Nogales eta Antxon Sarasua zarauztarrek Game Cover bertsio saioa eskainiko dute, eta Bermuda Kolektiboak, musika elektroniko alternatiboa. Bailarako abesbatzen lehen topaketa ere egingo da: Salatxo Abesbatza, Salbatore Deuna Abesbatza eta Zarauzko Abesbatza elkarrekin ariko dira, 120 pertsona baino gehiago bilduz parrokian.

Bestetik, Beduolak Hiru Anai ontziaren berreskuratze-lanak aterako ditu argitara, 7 begirada ingurumenari eskultura-erakusketa egingo dute, eta bailarako hamar artistaren lanak erakutsiko dituzte Musika Plazan nahiz herriko hainbat saltokitan.

Itsasotik Herrira, egitaraua

Urriak 11, ostirala

  • 17:30. Irekiera ekitaldia:
    • Inguru…Klowna ikuskizuna, Lege Zaharren enparantzan; euria bada, Merkatu plazako lehen solairuan.
    • 7 begirada ingurumenari erakusketaren irekiera, Arrosategi parkean.
    • Teknologia berriak sormen prozesuetan tailerra, Etxezabalan.
  • 17:30. Itsas ondarea, Beduola elkartearen eskutik, Munoan.
  • 18:30. Entzunez sortu familientzat sormen-esperientzia tailerra, Lege Zaharren enparantzan; euriarekin Merkatu plazako lehen solairuan.
  • 18:30. Margotu zure aurpegia!, Monte Albertiaren eskutik, Lege Zaharren enparantzan; euriarekin Merkatu plazan.
  • 20:00. Game Cover musika emanaldia, Unax Nogalesen eta Antxon Sarasuaren eskutik, Lege Zaharren enparantzan; euria bada, Merkatu plazako lehen solairuan.
  • 21:00 eta 22:00. Hauts bideo-mapping ikuskizuna, Arrosategi parkean; euria bada, Modelo aretoan.

Urriak 12, larunbata

  • 10:00. 7 begirada ingurumenari erakusketaren irekiera, Arrosategi parkean.
  • 10:00. Itsas ondarea eta Hiru Anai ontziaren berreskuratze-lanak, Beduola elkartearen eskutik, Munoan.
  • 11:00-13:00. Buruhandi tailerra, Lege Zaharren enparantzan; euriarekin Merkatu plazako lehen solairuan.
  • 11:30-13:30. Zirku tailerra, Nere Rubiorekin, Lege Zaharren enparantzan; euria bada, Merkatu plazako lehen solairuan.
  • 12:00. Teknologia berriak sormen prozesuetan tailerra, Etxezabalan.
  • 17:00. Olatuen xuxurla ipuin kontaketa, Leire Zinkunegiren eskutik, Sormen eskolan (Bizkaia kalea, 11).
  • 20:15. Bermuda Kolektiboaren (Anwolt eta Xiarroman) musika emanaldia, Lege Zaharren enparantzan.
  • 20:15. Eskualdeko abesbatzen topaketa (Salatxo, Salbatore eta Zarauzko abesbatzak), parrokian.
  • 22:00 eta 22:45. Hauts bideo-mapping ikuskizuna, Arrosategi parkean; euria bada, Modelo aretoan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!