Latxa ardiaren artilea bilduko dute Lapatxen urriaren 21etik 30era

Aiora LarraƱaga 2019ko urr. 17a, 10:30
(ivoox)

Artilearen bilketari konponbidea emateko jasoko dute material hori Azpeitiko zabortegian. "Azken urteetan artilearekin zer egin jakin gabe egon gara", dio Aiako Orortegi baserrikoak.

Latxa ardiaren artilea arazo bihurtu da artzainentzat azken urteetan; izan ere, debekatuta dute ohiko hondakinen edukiontzietara botatzea. Arazo horri irtenbidea emateko asmoz, gaia aztertzeari ekin diote hainbat erakundek; hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, artzaintza sektoreko hainbat elkartek, nekazaritzako sindikatuek eta Landa Garapeneko elkarteek. Hausnarketa egin ondoren, momentuz, konponbide posible bat adostu dute guztien artean: hala, aurrerantzean, Belauntzako (Gipuzkoa) Cortes enpresa artilea biltzeaz arduratuko da eskualdez eskualde. Horren ostean, Nafarroako Artaxona herrian dagoen konpostatze plantara eramango du bildutako artile guztia. 

Urola Kosta eskualdean, esaterako, urriaren 21etik 30era bitartean, Azpeitiko Lapatx zabortegian jasoko dute latxa ardiaren artilea. Nahi izanez gero, bilketa enpresa baserrira bertaratu daiteke artilearen bila, gero Artaxonako konpostatze plantara eramateko.

Artilezko koltxoiak

Aiako Orortegi baserriko kideek azaldu dutenez, "garai batean, latxa ardiaren artilea koltxoiak egiteko erabiltzen zen. Koltxoiak urtero astindu behar izaten ziren, artileak berriro bere forma egokia hartu zezan". Materialak garatu ahala, ordea, erabilerarik gabe geratu da artilea, eta arazo bihurtu da artzainentzat, ezin baitute zakarrontzira bota. "Garai batean, artilearen bila etortzen ziren, gero kanpora eramateko. Zertxobait ere ordaintzen ziguten, gainera. Azken bost urteetan, baina, artilearekin zer egin jakin ezinik egon gara".

Hurrengo astetik aurrera, ordea, gordeta duten artilea emateko aukera izango dute artzainek. Horretarako, zaku handietan sartuta eta brida bidez itxita eraman beharko dute. Kudeaketa gastuak direla eta, artile kiloko 0’115 euro gehi %10eko BEZa ordaindu beharko du bakoitzak. Dena dela, artzainek %50eko deskontua izango dute fakturan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jasoko dutelako, Landaolaren bitartez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!