PAPEREKOA

10 urte eta olatu berriak gurekin

Eneritz Odriozola 2019ko aza. 3a, 11:00

"Gogoan dut Patek erredakzioko lanak utzi eta nola Patxi Zaparro etorri zen. Nola lagun onak egin ginen. Nola bere iraultzatxoa KARKARAra ekarri zuen, hardcorearekin batera". Hona hemen Eneritz Odriozolak KARKARAren 410. zenbakirako idatzitako iritzi artikulua; '30 urte, hamaika bitxikeria' atalerako, hain zuzen.

Gogoan dut nire lehenengo notizia. 2004ko Kilometroak Orio-Zarautzen izango zirela eta  Itsaso zahar olatu berri leloa izango zuela iragartzeko idatzi nuen hura. Zenbat buelta eman nizkion notizia hari! Patek zenbat lagundu zidan. Zenbat ikasi nuen berarekin eta Jabirekin, Anarekin eta Mirenekin. Zenbat estimatzen zaituztedan. Eutsi gogor, Cowie anderea!

Gogoan dut Patek erredakzioko lanak utzi eta nola Patxi Zaparro etorri zen. Nola lagun onak egin ginen. Nola bere iraultzatxoa KARKARAra ekarri zuen, hardcorearekin batera. Photoshoparekin nola biziatu zen, eta, Lazkao Txiki eta Laxarteri Corazon de sapo-ren kamisetak jarri zizkien. Kaleri nola greñak jarri zizkion. Edo Korrikako txantxetako portada hark zenbat denbora egin zuen bulegoan zintzilik. Torrotxo eta biok korrika portadan: ze ustel aurpegi genituen! Korrika hartan argazkilari ibili zen Patxi. Loko moto gidari; Patxi pakete argazkiak egiten. 

Gogoan dut atxilotu aurretik Usurbilen nola topatu ginen. Sagardo egunez. Ze gustura egon ginen berriketan. Ordudanik gure elkarrizketak idatzizkoak izan dira. Ez dira gutun asko izan. Baina zeinen pozik jaso ditudan, Patxi!

Eta zer den bizitza, kamarada. Hilabeteko tartean alabak izan ditugula! 2016ko abenduan jaio zen Lur eta ondorengo urtarrilean Xua. Lur hiru urteko gelan dabil. Xua, urtarrilean, hiru urteak beteta, Usurbilera etorriko da. Gurasoak kartzelan utzita. Itsaso zaharrak olatu berria ekarri du. Hor gure txikiak! Itsaso zaharrak notizia berri-onak ekar ditzala, arren. Muxu estu bana familia. Xua gurasoekin etxera!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!