Egia ala gezurra?

Karkara 2019ko aza. 16a, 16:00

Arriskutsua al da sakelako telefonoa erabiltzea autoari erregaia jartzen ari garenean? Eta autoarentzat txarra al da erregai gutxirekin ibiltzea? HITZAk argitaratu berri du Motorra, garraioa eta mugikortasuna gehigarria, eta halako galderak erantzun ditu, besteak beste.

Aurreneko zalantza

Autoari erregaia botatzera joan, eta hornigailuaren alboan hainbat arau: surik ezin dela egin dio batek; erregairik lurrera ez botatzeko dio besteak; erretzea debekatuta dagoela, hirugarrenak; eta sakelakoa erabiltzea galarazita dagoela, azkenak.

Benetan arriskutsua ote autoa erregaiz hornitzen dugun bitartean sakelakoa erabiltzea? Edo ez ote da mito bat sakelakoen uhinek leherketa bat eragin dezaketen ustea? Zientziak dio baietz, mitoa dela. Sute bat sortzeko,beharrezkoa da txinparta baten eta su har dezaketen substantzien arteko kontaktua.

Zehatzago esateko, gasolinaren lurrunak eta airearen arteko nahasketak bat egin beharko lukete txinparta horrekin. Eta sakelako telefonoek igortzen duten erradiazioa ez da gai erreakzio hori eragiteko. Ez dago esaterik ezinezkoa dela, baina ia-ia.

Adibidez, arriskutsua litzateke sakelakoaren bateriarekin arazoak izango bagenitu eta txinpartak sortuko balitu. Baina, bestela, autoari erregaia botatzerakoan sakelakoa patrikan izateagatik edo une horretan norbaiten deia jasotzeagatik, ez da zerbitzugunea lehertuko.

Legez, ordea, galarazita dago erregai zerbitzuguneetan sakelako telefonoa erabiltzea. 1428/2003 Errege Dekretuko 115.3 artikuluak dioenez, hornitzeko unean dagoen deflagrazio arriskua, txikia izanik ere, benetakoa da. Horregatik, ibilgailuko motorrak, argiek eta irratiak eta bidaiarien sakelako telefonoek itzalita egon beharko dute erregaia hornitzeko unean. Zerbitzugunean sakelakoa erabiltzeagatik, 200 euroko isuna eta hiru punturen galera izan dezake gidariak.

Benetako arriskua: elektrizitate estatikoa

Zerbitzuguneetan sakelako telefonoa erabiltzeak izan ditzakeen arriskuez behin eta berriz ohartarazi gaituzte,eta ia sekula ez elektrizitate estatikoak gune horietan eragin ditzakeen ondorioez. Intentsitate handiko deskarga elektriko batek airearekin eta su har dezaketen substantziekin bat egingo balu, erreakzioa eragingo luke. Hori gertatzeko probabilitatea ere oso txikia den arren, sakelakoak leherketa eragitea baino handiagoa da.

Beraz, zerbitzugune batera joandakoan, telefonoagatik arduratu beharrean, gomendagarriagoa da segundo batzuez autoaren metalezko parte bat ukitzea,daukagun elektrizitate estatikoaren zati bat askatu dezagun.

Bigarren zalantza

Auto gidari batzuek erregai depositua goraino betetzeko joera dute; beste batzuek, aldiz, nahiago izaten dute zerbitzugunera sarri-sarri joan. Badira gasolindegira joaten direnak depositua erreserban sartu dela ohartarazten duen argitxoa piztu orduko; eta badira argitxoa piztu eta artean kilometro mordoa egiten dituztenak ere. Batzuek diote autoarentzat ez dela ona erreserban ibiltzea; beste batzuek, berriz, andelean erregai apurren bat geratzen den artean autoak ez duela sufritzen. Nork ote du arrazoi?

Oraingoan, zuhurrenek dute arrazoi, alegia, erreserban ibiltzea autoarentzat kaltegarria dela diotenek. Erregai bonbarentzat kaltegarria da ibilgailua gasolina edo gasolio gutxirekin ibiltzea. Bonba hori da erregaia hurrupatu eta injektoreetara helaraztea ahalbidetzen duena.

Injekzio sistema elektronikoa duten autoetan, bonba erregai biltegiaren barruan egoten da. Ondorioz, beharrezkoa da biltegian erregai kantitate nahikoa izatea bonba hori behar bezala labainarazteko eta hozteko. Autoak erregai gutxi duenean, bonbari askoz gehiago kostatzen zaio bere lana egitea. Edari bat lastotxo batekin edaten ari garenean gertatzen den gauza bera gertatzen da, azken tragoa edatea gehiago kostatzen dela. Une horretan, airea sar daiteke erregai sisteman eta horrek hoztea zaildu eta autoaren sistemara injektatzen duen erregaiaren kalitatea murrizten du, behar baino aire gehiagorekin nahastua doalako.

Gainera, erregaiaren azken litro horietan metatzen diren zikinkeriak motorrera joateko arriskua handiagoa da, nahiz eta autoek hori ekiditeko iragazkiak izaten dituzten. Buxatutako iragazki batek motorraren errendimenduan eragiten du eta erregai gehiago gastatzea eragin. Iragazkia zikinegi egotearen sintoma bat da autoari arrankatzea kostatzea, batez ere, hotzean.

Dena dela, buruhausteak eta matxurak saihesteko onena da zerbitzugunera garaiz joatea, alegia, erregai depositua erreserban sartu dela ohartarazten duen argitxoa piztu orduko.

Gustatu zaizu artikulu hau? Irakurri horrelako gehiago Motorra, garraioa eta mugikortasuna gehigarrian (HITZA).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!