Indarkeriaren zenbaki gordinak

Karkara 2019ko aza. 21a, 11:30

Eskualdeko herri guztietan prestatu dituzte hainbat ekintza Azaroaren 25ari begira, Orion eta Aian barne. Gizarte Zerbitzuek jasotako kasuen kopuruak eta beste hainbat datu interesgarri jakinarazi dituzte.

Indarkeria matxista jasan duten emakumeak erdigunera ekartzeko egunak izan ohi dira azaroko azken asteetakoak. Ez dago zehazterik tratu txarrak jasan dituztenen kasuak duela urte batzuk baino gehiago edo gutxiago diren gaur egun, baina orokorrean, gora egin dute erakundeek jaso dituzten laguntza eskaerek.

Urola Kosta eskualdeko herri guztietan antolatu dituzte egitasmoak urteroko hitzorduaren harira. Elkarretaratzeak, ikus-entzunezkoak eta tailerrak izango dira herri gehienetan datozen egunetan, eta zenbait herritan, Zarautzen, Azpeitian eta Zumaian kasu, aurretik ere izan dira hainbat ekitaldi.

Datuak herriz herri

Eskualdeko herrietako Gizarte Zerbitzuen arabera, tratu txarren 60 kasu baino gehiagoren berri izan zuten iaz: Aian eta Aizarnazabalen ez zuten kasurik jaso, Azkoitian 13, Azpeitian 12, Getarian 3, Orion 5, Zarautzen 23, Zestoan 5 (2018ko azarotik 2019ko azarora) eta Zumaian 3 (5 kasuren berri izan zuten).

Hainbat herritako udalek, datuez gain, beraiek ezagutu ditutzen kasuen inguruko informazio osagarria ere jakinarazi dute. Azkoitian 13 emakume eta 13 adin txikiko artatu zituzten 2018an, duela hiru urte baino 4-5 gehiago (10 emakume eta 8 adin txikiko izan ziren 2016an). Azpeitian, indarkeria matxista jasandako 12 lagunek jo zuten Gizarte Zerbitzuetara iaz, 2017an baino %25 gehiagok. Artatutako pertsonen batez besteko adina 44 urtekoa izan zen, gazteenak 19 urte zituen eta zaharrenak 68; aurreko urtekoarekin alderatuta, 7 urte gehiagokoa da batez besteko adin hori.

Zarautzi dagokionez, 23 kasuetatik hiru sexu erasoak izan zirela nabarmendu dute. Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariek iazko azarotik aurtengo azarora bitarteko datuak jakinarazi dituzte. Hain zuzen, tarte horretan bost indarkeria matxista kasu artatu dituzte udaleko zerbitzu horretan. Laguntza eske Gizarte Zerbitzuetara jo duten bost herritarretatik lau euskal herritarrak dira jatorriz. Tratu txar fisikoak nahiz psikologikoak pairatu dituzte herritar horiek; batek fisikoa eta beste laurek psikologikoa. Adin tarteari dagokionez, berriz, 45 urtekoa da artatutako pertsonen batez besteko adina. Gizarte Zerbitzuetako arduradunek azpimarratu dute kopuru horiek beraiek jaso dituztela, baina horrek ez duela esan nahi kasu gehiago egon ez direnik, oraindik ere jendeak laguntza eskatzeari «beldur handia» diolako.

Herri guztietatik keinuak

Udalek ere urtero plazaratu ohi dituzte Azaroaren 25aren harira adierazpen instituzionalak, indarkeria matxista gaitzetsiz. Aurtengoan, oraingoz, Getariako Udaleko EH Bilduk eta EAJk bateraturik atera dute oharra, azalduz «konpromiso politikoak betetzeko» jardun nahi dutela, «indarkeria matxistaren modu guztiak desagerrarazten laguntzeko». Hala, herrietan egingo diren ekintzetan modu aktiboan parte hartzera deitu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!