Goranzko bidean aldaparik ez

Dorleta Agiriano Lai 2019ko abe. 12a, 10:21
(Aiora LarraƱaga)

Gipuzkoako eskuz binakako lehenengo mailan arituko dira datorren urtean Aratz Oliden eta Lorentz Orbegozo. Bi urteko ibilbideak, denbora motza izanagatik ere, fruituak eman ditu.

Urtearen amaieraren atarian, badute zer ospatua Aratz Oliden oriotarrak eta Lorentz Orbegozo aiarrak. Pilotariak dira biak, bi urtez Gipuzkoako eskuz binakako bigarren mailan buru-belarri aritutakoak. Aurten, baina, goranzko bideari ekin diote: aurreneko postua lortu dute lurraldeko bigarren mailan, eta beraz, datorren denboraldian lehen mailan ariko dira.

Olidenen arabera, «gogorra» izan da lehia bigarren mailan: «Bi multzotan banatu gintuzten hasieratik, eta oso aurkari gogorrak egokitu zitzaizkigun. Partidak ere zailak izan dira, hortaz. Lehia estuak jokatu ditugu, eta emaitzetan ere izan du eragina; puntu bat gora edo behera, hala ibiltzen ginen».

Dena den, aurrera egitea lortu zuen oriotarrak eta aiarrak osatutako bikoteak, eta azken muturreraino eraman zuten txapela lortzeko ahalegina. Azkenean, sei jardunaldiren ostean, finalaurrekoetara sailkatzea lortu zuten. Oiarpe bikotearen aurka samur gailenduta, finalerako txartela ere eskuratu zuten. Txapelketa osoan bezala, estua izan zen lehia azkeneko norgehiagokan, lehen mailara igotzea jokoan egonik. Partida osoan atzetik ibili ondoren, Mundarro bikoteari gailendu zitzaizkien Oliden eta Orbegozo. Horrela, 22-20ko markagailuarekin, indar neurketa irabaztea, Gipuzkoako bigarren mailako txapela eskuratzea, eta, beraz, mailaz igotzea lortu zuten. Datorren urtean hasiko da ezker hormako eskuz binakako Gipuzkoako txapelketako lehen maila, eta oraingoan, bertan izango dira Oliden eta Orbegozo.

Maila altua

«Hasiera batean, beti ematen du bigarren kategorian maila ez dela altua izango, baina sarri bestela izaten da. Aurten jokatu dugun txapelketan partidak oso zailak izan dira beti», adierazi du Olidenek.

Hala, «oso gustura» dago bikote modura egindako lanarekin, eta betetzat jo ditu txapelketarako ezarri zituzten helburuak: «Bi urte egin ditugu jada seniorren Gipuzkoako bigarren mailan. Aurreneko urtean, maila horretan mantentzea izan zen gure helburua. Aurten, baina, bigarren urtea izanik, gora begiratzea eta lehenengo mailara iristea izan da asmoa». Baita lortu ere. Añorgako pilota elkarteko kideak dira biak, zaharrenetakoak, eta jubenil mailako ibilbidea amaitu eta seniorretara jauzi egin zutenean elkarteak ez zuen plazarik herrialdeko lehen mailan. «Behetik jardun behar izan dugu lanean; behetik gora. Beti saiatzen gara goranzko bidea urratzen, eta inork ez digu ilusioa kentzen», dio pilotari oriotarrak.

Lehen mailan jokatzen hasi aurretik, Euskal Ligan ariko dira. Indarrak neurtuko dituzte bertan, besteak beste, bizkaitarrekin, nafarrekin edota errioxarrekin , eta Olidenek aurreikusi duenez, «Gipuzkoako maila ikusita, lehia estua izango da Euskal Ligan ere». «Eskarmentu handikoak dira jokalarietako asko, eta zailak izango dira partidak», nabarmendu du oriotarrak: «Irabazi, edo behintzat, txapelketa txukuna egin nahi badugu, orain arte bezain ondo edo hobeto ibili beharko gara».

Besoz beso txikitatik

Irabazteko, garaipena erdiestea lortzeko, badira hamaika estrategia. Badira hamaika modu. Olidenek eta Orbegozok ere badute oso arma boteretsua esku artean: «Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar».

Olidenek azaldu duenez, hainbeste urtez elkarrekin aritu izanak ahalbidetu die pilotalekuan «elkarri azalpenik eta jarraibiderik eman behar ez izatea». «Badakigu bakoitza non kokatzen den, edota zein eremu babesten duen, hitz egin beharrik gabe». Dena den, Olidenek argitu du «desberdina dela partida bakoitza», eta «beti dagoela zer edo zer egokitu eta aldatu beharra».

Beren jokoaren ezaugarririk azpimarragarriena, «defentsa» dela uste du Olidenek. «Atzeko eremua menderatzen saiatzen gara, baita aurrean, aukera dugunean, jokaldia amaitzen ere», dio oriotarrak. «Pazientzia izaten dugu hasieran, eta lan egiten dugu lehen unetik». Esaldi egokia da hori pilotarien ibilbidea laburbiltzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!