Ba al dakizu nola egin aurre Gabonei? Hemen dituzu 10 aholku

Karkara 2019ko abe. 23a, 10:00

Alazne Agirrezabalaga nutrizionistak HITZAren Gabonetako gehigarrian honako aholku hauek eman dizkigu Gabonei begira. Halako edukiak eta askoz gehiago, gehigarrian.

1. Gainerakoan, osasuntsu. Bi astean lau edo bost otordu handi egin ohi ditugu. Jatordu jakin horietan gehiegikeriaren bat egiteak ez gaitu zertan arduratu.

2. Jatordu bereziak zerrenda batean idatzi. Gehiegi badira, erabaki zeinetan ezingo dugun “dena libre” egin.

3. Plater osasungarriak prestatu. Barazkiak erabilita eta frijitutako elikagaiak saihestuta. Adibidez, aukera ona izan daiteke hasierako gisa barazki ratatouillea, haragiari laguntzeko uraza eta piperrak eta labean egindako patatak jartzea. Inoiz pentsatu duzu turroi eta gozoen ondoan laranja eta anana xerra batzuk jartzea?

4. Neurrian erosi osasungarriak ez diren elikagaiak. Horretarako, zerrenda etxetik eginda eraman.

5. Ez joan ohi baino gose handiagoarekin. Hasierako gisa jartzen diren elikagaiak izaten dira koipetsuenak eta irin birfinduetan aberatsenak; hala nola, ahate foie, kroketak, ogia...

6. Ura edan. Ahalik freskagarri eta alkoholdun edari gutxien kontsumitu, liseriketa prozesua mantsotzen dutelako eta jatorduak pisutsuago egiten dituztelako. Urari fruitu zatiak botata edari goxoak egin daitezke.

7. Gozoak etxean egin. Turroiak edo pastelak etxean egin ditzakezu, osagaien kalitatea eta kopurua zainduta.

8. Urte berriarekin ez da bizitza berria hasten. Gure gorputzak lehengo bera izaten jarraituko du. Has gaitezen norbere gorputza maitatzen eta zaintzen, elikadura eta bizi ohitura osasungarriekin. Ez dezagun behar baino gehiago jipoitu, urte berriarekin zaintzen hasiko garen itxaropenarekin.

9. Ez utzi jarduera fisikoa egiteari. Saia zaitez egunerokoan egiten duzun adina ariketa egiten. Eguberri eta Urteberri eguneko mendi bueltak aukera onak izan daitezke, baita bazkari edo afari handi bat egin eta gero paseatzera joatea ere.

10. Ondo pasa! Gure ingurukoekin une ederrak pasatzea da garrantzitsuena, ez horrenbeste zer jan dugun!

Parte hartu zozketan

HITZAren Gabon gehigarria barruko orrietan zaku hori bat eta zaku urdin bat ezkutatu ditu. Olentzeroren eta Errege Magoen zakuak dira, eta noski, oparia dute barruan. Guztira sei sari: kilo bat antxoa buztinezko ontzian, Maisor artisau kontserben eskutik (2 sari guztira); eta Basa Lore txakolin sorta: Igartzeta bi txakolin botila, Basa Lore botila bat eta ardoa zerbitzatzekoa(4 sari guztira).

Parte hartzeko, deskargatu hemen Gabon gehigarria, aurkitu zakuak, eta bidali erantzuna urolakosta@hitza.eus helbidera, zehaztuta zein orritan eta non dauden zakuak. Parte hartzeko azken eguna urtarrilaren 7a da.

Ikusi hemen Gabonetako gehigarria eta parte hartu zozketan.

Zorte on!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!