PAPEREKOA

Harritik hutsera

Irati Antia 2019ko abe. 22a, 10:00

Irati Antiak honako iritzi artikulua idatzi du KARKARAren 412. zenbakirako, 'Akuilua hartuta' atalean. Jorge Oteiza eta haren lanak izan ditu mintzagai, besteak beste. "Oteizak erlijioaren sinbologia hori naturako erliebeetan irakurri zuen".

Azken hilabeteetan Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 erakusketa egon da ikusgai. Bertan Arantzazuko basilikako berritze lanetan Jorge Oteiza eskultore oriotarrak bizitako prozesua erakusten zen.

Mendi malkartsu eta amildegi sakonez osatutako paisaia batean kokatzen da Arantzazu, Euskal Herriaren erdigunean. Lekuak erabat hunkitzen du: mendien behetik gorako profilen gogortasun geometrikoa edota harrizko hutsuneen adierazpen gogorra nabarmendu daitezke.

Arantzazuko basilikako berritze lanetarako artista batzuk hautatu ziren lehiaketa baten bidez. Denek ideologia eta plastika antzeko baten inguruan lan egiten zuten; aukera zabal, kontziente eta abangoardista baten aldekoak, hain zuzen ere. Lan arkitektoniko erlijioso hau euskal artea berreskuratzeko eta gerraosteko frustrazioarekin amaitzeko aukera paregabea bihurtu zen.

Ibilbide honetan, Oteizak lotura erabat pertsonala erakutsi zuen proiektuarekiko. Bere bokazio esperimental eta exijentzia formalak erlijio eta arte sentimenduak bateratzeko baliatu nahi zituen, egungo gizakiari zuzendutako eskultura bat sortzeko. Biluzik eta babesgabe erakusten digun itxaropenaren kontzientzia hunkitua sinbolizatu nahi zuen, eta horretarako, erritoa eta mitoa biluztearen barne prozesu batean murgildu zen. Estetika eta erlijioaren arteko elkarrizketan irtenbide bat bilatu zuen: “Bizitza ematen duena bizirik dago, heriotza ematen duena hilda, eta bere burua Jainkoaz bete behar duena, bere buruaz hustu behar da”.

Oteizak erlijioaren sinbologia hori naturako erliebeetan irakurri zuen. Arantzazu inguruko mendien behetik gorako geometriaz baliatu zen, baita harrizko hutsuneez ere. Basilikako aurrealdean agertzen diren pietatea eta hamalau apostoluak hutsik ageri dira, harrizko gorputz hutsak arimari lekua eginez. Pertsonaiek bizitzaren eskaintza erakusten dute, hutsik dauden gorputzak elkarri begiratuz, elkarrekin hitz egiten edo elkar baztertzen duten buruekin. Argi-ilunen erritmo batekin jolasean dauden elkarrizketak eta dantza egiten duten besoak.

Eskultura honek sakonera jotzen du eta emozioak sortzen ditu ikuslearengan, beti berri eta aldakor agertzen den bolumen bat. Oteizak zioen eskultura honetatik hitzak ateratzen antzeman zitzakeela. Amaiera zela sentitu zuen.

Oteiza Arantzazuko apostoluak egiten. (Oteiza Museoa)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!