PAPEREKOA

“Gabon gauean plazan egiten den antzerkia oso polita iruditu zitzaigun aurreneko aldiz ikustean".

Karkara 2019ko abe. 23a, 14:00

Gabonak bereziak izaten dira herritarrentzat, familian eta lagun artean igarotzeko egunak baitira. Hori
dela-eta, normala izaten da atzerrian bizi diren herritarrak Gabon garaian sorterrian ikustea. KARKARAren 412. aldizkarian Coon familiarekin elkartu gara, ohiturez hitz egiteko.

Coon familia aski ezaguna da Orion: alegia, Emily eta Jason senar-emazteak, eta Braden, Brittney, Taye eta Cooper seme-alabak. Estatu Batuetatik
etorri ziren gurera. Han, haur eta gaztetxoentzako udalekuetan egiten zuten lan. Euskal ikasleak izaten zituzten maiz, eta horrela ezagutu zuten Euskal Herria eta gure hizkuntza.

Etorri orduko ekin zioten euskara ikasteari eta baita herritarrak ezagutzeari ere; berehala bihurtu ziren oriotar. Urteak daramatzate gure artean, eta jaioterritik dakartzaten ohiturei eusten badiote ere, euskal kulturak eragina izan du beraiengan.

Coon familiak azken urteetan herrian igaro dituzte Gabonak, Emilyren gurasoekin batera. Familiarentzat Gabon gaua eta Eguberri eguna dira berezienak. “Abenduaren 24an, film amerikarretan ikusten den bezala, ohitura da galtzerdiak tximinia gainean jartzea. Orion ez dugu tximiniarik, eta beraz, armairu batean jartzen ditugu”, azaldu du Jason Coon-ek. Galtzerdietan opari txikiak jartzen dituzte; “liburuak, galtzerdiak, kamiseta bat...”. Hurrengo egunean, Olentzero edo beraien Bizar Zuriren opariak irekitzeari ekiten diote. Eta, nola ez, Estatu Batuetako ohiturari jarraituz, gofre-ak jaten dituzte. Hemen igarotako lehenengo jaiez gogoratzen da Coon. “Gabon gauean plazan egiten den antzerkia oso polita iruditu zitzaigun aurreneko aldiz ikustean. Orain ere asko gustatzen zaigu”. Izan ere, Estatu Batuetan 24a eta 25a etxean pasatzen ditu jendeak, familiako planak egiten.

Hemen, ordea, “zerbait hartzen da aurretik lagunekin, eta ondoren familiaren txanda izaten da. Oso polita iruditzen zait ohitura hori”. Kontsumismoaren oso aldekoa ez bada ere, onartu du faltan botatzen dituela bere jaioterriko Gabonetako argiak: “Estatu Batuetan dena liluragarria da. Auzoetan ere asko apaintzen dira etxeak. Hori da hemen faltan botatzen dudana”. Argi gehiago jarriko lituzke Coonek.

Familiaren ohitura askorik aldatu ez bada ere, orain Errege eguna ere ospatzen dute. “Errege magoen desfilea ere ikaragarri gustatzen zaigu, eta hemen egun hori ospatzen duzuela ikusita, geu ere egunari garrantzia ematen hasi ginen, seme-alabengatik batez ere, opariak izan ditzaten”.

Hemengo lagunek ere hartu dituzte Coon familiaren ohiturak. Hala, Thanksgiving Day (eskerrak emateko eguna) ospatu dute aurten ere Balea elkartean. Lagunekin batera Gabonei hasiera eman zioten ospakizun horrekin. “Guretzat oso berezia da guk ekarri dugun ohitura bat lagunekin partekatu ahal izatea”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!