Orioko piano jole gazteek emaitza bikainak lortu dituzte Andoaingo jaialdian

Karkara 2020ko ots. 16a, 13:00

Ane Blazquez oriotarrak Andoaingo XV. Piano Jaialdiaren irekiera kontzertuan parte hartu zuen Francisco Escudero Kontserbatorio Profesionaleko orkestra sinfonikoarekin batera.

Joan den asteburuan, Orioko Danbolin Musika Eskolako 16 ikaslek parte hartu zuten Andoaingo XV. Piano Jaialdian, eta "oso gustura" dago Audra Almanaityte irakaslea piano jole gazteek txapelketan egin zuten lanarekin. Gainera, otsailaren 7an, ostiralean, Francisco Escudero Kontserbatorio Profesionaleko orkestra sinfonikoak eta Ane Blazquez oriotarrak irekiera kontzertuan parte hartu zuten, eta Alec Rowleyk piano eta orkestrarentzat eginiko Miniature Concerto obra eskaini zuten.

Audra Almanaityte irakaslearen esanetan, "Andoaingo Piano Jaialdira oso gustura joaten gara piano jotzaileok. Pianoa bakarkako musika tresna denez, ezin dugu edonon jo. Horregatik, piano joleontzat bilgune garrantzitsua da Andoain".

Andoaingo jaialdian parte hartzea esperientzia "aberasgarria" dela uste dute ikasleek. "Alde batetik, ikasturtean zehar egindako lana erakusteko balio digu, baita urduritasuna kontrolatzen ikasteko ere. Bestetik, txapelketan parte hartzen duten gainontzeko piano jole gazteen lana ezagutzea ere garrantzitsua izaten da", azaldu dute Anne eta Maddi Orzaizek. Iritzi berekoa da Sara Loidi gaztea: "besteak nola jotzen duten ikusten dugunean, konturatzen gara ikasten jarraituz gero, gu ere iritsiko garela maila horretara".

Andoaingo Piano Jaialdiko antolatzaileek kategoria bakoitzeko errepertorioa zehazten dute urtero, adin tartearen arabera. "Parte hartzaileek beren adin tarteko edo adin tarte nagusiagoko obrak jo behar izaten dituzte". Anne Orzaizek esaterako, duela bi urte C kategoriako obra bat jo zuen Andoainen, eta gazteak aitortu du berarentzat "ohorea" izan zela 16-17 urteko piano jotzaileekin batera aritzea.

Aipamen berezia
Iñaki Dayli oriotarrak aurten lehen aldiz parte hartu du Andoaingo Piano Jaialdian, ikasturte honetan hasi delako pianoa jotzen. Hasiberria bada ere, urrezko domina eta aipamen berezia lortu ditu txapelketan, bere anaia Martin Dailyrekin lau eskutara jotako obragatik. "Zilarrezko dominak ematen ari zirenean, gure adiskideei esan genien: "Imajinatzen al duzue denoi aipamen berezia ematea?". Eta hala gertatu zen, aipamen berezia egin ziguten", azaldu du pozik Iñaki Daylik. 12 urteko oriotarra "oso gustura" dago emaitzarekin, eta nabarmendu du "normalean baino gehiago" prestatu zuela obra eta "oso ondo" atera zitzaiola jaialdian.

Iñaki Daylik Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan ikasten du perkusioa, eta berarentzat bigarren musika-tresna da pianoa. Audra Almanaityte irakasleak azaldu duenez, "hurrengo urtean kontserbatorioan formakuntza profesionalari ekingo dio Daylik. Musika ikasketetan oinarri sendoa du, eta horri esker pianoan oso azkar trebatu da; aurrera pausu garrantzitsuak egin ditu denbora gutxian", dio irakasleak.

Oro har, Orioko piano ikasleek "talentu handia" dutela aitortu du Amanaityte irakasleak. "Oso jatorrak dira, eta pianoa ikasteko gogoz daude. Gainera, normalean taldeko lanik egiten ez dugunez, bakarka entseatzen dute ikasleek, eta Andoaingo jaialdiak talde izaera indartzeko balio izan digu".

 

ANDOAINGO XV. PIANO JAIALDIKO EMAITZAK

Pianoa lau eskutara, A mailan: 

  • Nora Ruiz Areizaga eta Arrate Igartua Visok zilarrezko domina lortu zuten.
  • Irati Txintxurreta Goikoetxea eta Julen Lekuona Camposek urrezko domina eta aipamen berezia lortu zuten.
  • Paul Sarasua Ijurra eta Oier Iruretagoiena Iribarrek urrezko domina lortu zuten.

Pianoa lau eskutara, B mailan:

  • Martin eta Iñaki Daly Brazok urrezko domina eta aipamen berezia lortu zuten.
  • Uxue Aginalde De la Cruz eta Maddi Etxeberria Ercillak urrezko domina eta aipamen berezia lortu zuten.

Pianoa lau eskutara, C. mailan:

  • Anne eta Maddi Orzaiz Vegak urrezko domina lortu zuten.

Piano-bakarlaria, B mailan:

  • Itxaso Ayerbe Cisnerosek zillarrezko domina lortu zuen.
  • Ane Blázquez Barrajonek zillarrezko domina lortu zuen.
  • Uxue Etxeberria Ercillak zillarezko domina lortu zuen.
  • Sara Loidi Romerok urrezko domina lortu zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!