PAPEREKOA

"Ikuskizuna 'Sutan dantzan' diskoaren zuzeneko aurkezpena izango da"

Aritz Mutiozabal 2020ko mar. 7a, 11:00

Julen Alonso musikariak Sutan dantzan ikuskizuna estreinatuko du martxoaren 28an, 22:30ean hasita, Aiako probalekuan. Iaz argiratatu zuen estreinako diskoaren zuzeneko aurkezpena izango da nagusiki, eta proiektuaren garapenean Oinkari taldeko dantzariak izan ditu bidaide.

JULEN ALONSO - Musikaria

Sutan dantzan taula gainean ikusteko parada izango da azkenean.
Iaz kaleratu nuen Sutan dantzan nire lehen diskoa, eta ikuskizuna lan horren zuzeneko aurkezpena izango da. Orain hasiko naiz kontzertuak ematen diskoan jasotako abestiekin, eta baita abesti berri batzuekin ere. Orain arte ez dut emanaldirik eman, eta Aiakoa izango da estreinakoa.

Diskoa zuzenera eramateko prestatzen aritu al zara?
Denbora honetan guztian pentsatzen aritu naiz nola eraman agertokira, zer formatutan egin, eta azkenean erabaki dut oholtza gainera igoko garela bost musikari eta Oinkari dantza taldeko zortzi dantzari.

Beraz, ez zenuen nolanahiko kontzertu bat eskaini nahi. Ikuskizun bat sortu nahi zenuen, alegia.
Hori da, bai. Dantza txertatu dut, Sutan dantzan izenburuarekin bat datorrelako, baina horretaz aparte, baita ni txikitatik dantzan aritu naizelako ere, dantza txapelketetan eta abar. Beraz, bi munduak ezagutu ditut, eta bizi izan ditut: dantza eta musika. Bien arteko lotura zuen zerbait sortu nahi izan du proiektua ontzerakoan.

Nola oinarrituko duzu uztarketa hori taula gainean?
Oinkarikoei proposatu nien abesti batzuetan bakarrik egitea dantza. Nik jada nire irudimenean ikusten nuen zein abestik behar zuen koreogra a bat eta zeinek ez. Beraz, ez da izango dantza ikuskizun bat bere osotasunean. Kontzertu emanaldi bat da, eta tartean dantza izango du, saioa oso laua gera ez dadin. Kanten artean ere denetarik eskainiko dugu; jendeak uste du trikitixa delako erritmo aldetik topera behar duela uneoro, baina ni saiatu naiz gorabeherak izan ditzan.

Badirudi abestiak konposatzen ari zinen unean taula gainean irudikatzen ari zinela.
Kantak sortzen joan ahala, pixka bat ikusten nuen taula gaina eta hori guztia. Edonola ere, ongi aztertu eta pentsatu behar den gauza bat da. Jende askorekin ari naiz lanean, eta dena primeran ateratzeko gauzak argi eduki behar dira. Oraindik hilabete geratzen da estreinaldirako.

Zer moduz doaz entseguak?
Oso ongi! Gainera, lehenengo esperientzia dut hau nire abestiak talde batekin joz. Grabazio estudioan entzun nuen taldekide guztion uztarketa, baina ez da gauza bera denok batera elkarrekin entseatzerakoan. Beste sentsazio batzuk daude, eta polita izango da, ziur.

Dantzariekin batu al zarete entsegu orokorrik egiteko?
Momentuz, zuzeneko musikarekin ari gara gu, eta dantzariekin batera azken hilabetean elkartuko gara, ikuskizunaren entsegu orokorrak egiteko. Beraiek ari dira beraien aldetik lantzen, eta gu gure aldetik. Oinkarikoek bidali dizkidate bideo batzuk nola prestatzen ari diren ikusteko, eta itxuratzen ari naiz ikuskizuna, baina zaila da oraindik jendeak irudikatzea. Horretarako Aiara etorri beharko dute ikustera.

Nolatan jo zenuen Oinkari taldearengana?
Dantzan ibili izan naiz urte askoan, eta asko bizi izan dut Oinkari. Beraien Sagartu ikuskizuna ikustera joan nintzen, eta guztiz liluratuta utzi ninduten. Hortik nire erabakia. Haiekin Iker Telleria musikaria zebilen, eta zuzenean harekin harremanetan jarri nintzen. Hala, bera hartu dut nire talderako, perkusioa jotzeko.

Eta zergatik aukeratu duzu Aian estreinatzea?
Kontzertuak bilatzen hasteko asmoa nuen, baina beraiek hartu zidaten aurrea: diskoarekin zer moduz nenbilen galdetu zidaten, eta pentsatu nuen proiektuari hasiera emateko aukera polita zela. Oriokoa naizen arren, sorkuntza eta entsegu ordu guztiak Aian pasatu ditut, bertan baitut txoko bat horretarako. Beraz, pozgarria da etxean hastea. Niri ilusio berezia egiten dit Aian hastea zuzeneko kontzertuekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!