Koronabirusaren hedapena saihesteko protokoloa ezarri du UKUEk

Karkara 2020ko mar. 14a, 13:54

Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak aintzat hartuta, Urola Kostako Udal Elkarteak koronabirusaren hedapena saihesteko protokoloa ezarri du. Bestelako abisurik jaso bitartean, ekimen-agenda osoa bertan behera utzi dute era mugagabean.

Hala, bertan behera utzi du jendaurreko jarduera oro (ikastaroak, hitzaldiak, lan-saioak) eta administrazioak martxan jarraituko badu ere, jendaurreko harrera- zerbitzua egokituko dute. Hain zuzen ere, herritarrei eskatzen zaie, ahal duten neurrian, beren kontsulta eta eskaerak telefonoz (943-89 08 08),  posta elektronikoz (harrera@urolakosta.eus) edota egoitza elektronikoz egitea.

ZERBITZUAK

Hondakinen Bilketa Zerbitzua
Oraingoz, behintzat, eskualdeko hondakinen bilketa zerbitzua normaltasunez mantenduko da. Edozein kasutan, bihartik aurrera, zenbait neurri hartuko dira; alde batetik, errefusaren edukiontziak irekita mantenduko dira (txartela ez erabili behar izateko); bestetik, atez ateko bilketa mantentzeaz gain, 17:00etatik aurrera, organikoaren edukiontzia irekitzeko aukera izango dute merkatari, ostalari eta zerbitzuetako profesional guztiek.

Garbiguneak
Eskualdeko hiru garbiguneak zabalik mantenduko dira ohiko ordutegian. Hala ere, zerbitzua beharrezkoa den kasuetan baino ez erabiltzeko deia luzatzen zaie herritarrei.

Zumaiako Soldadura Zentroa itxita
Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien aurrez aurreko jarduna  etenda bi astez. Beraz, Zumaiako Soldadura Zentroan ez da klaserik emango datozen 15 egunotan.

Open Lab gunea itxita
Open Lab gunea ere itxita egongo da herritarrentzat. Bertan behera geratuko da laborategiko jarduna, bestelako abisurik jaso arte.

Laneko prebentzio neurriak
Administrazioak martxan jarraituko du, baina Osakidetzak emandako aholkuak aintzat hartuz, langileek neurriak hartuko dituzte. Beti ere herritarrenganako zerbitzuak mantenduz, etxetik lan egitea eta ahal den neurrian aurrez aurreko topaketak saihestea dira ezarri diren neurrietako batzuk.

Udal Elkarteko zerbitzuak beharrezkoak diren kasuetan bakarrik erabiltzeko deia egiten zaie herritarrei. Eta, arduraz jokatzeko deia luzatzearekin batera, Osasun Sailak emandako gomendioak arduraz jarraitzeko eskaera egiten zaie herritarrei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!