Eusko Jaurlaritzak 841 milioi euro bideratuko ditu osasun sistema indartzera eta herritarrak laguntzera

Karkara 2020ko mar. 24a, 16:13

Osasun sistemak behar dituen baliabideetara bideratuko ditu 200 milioi euro. Horrez gain, baina, familiai eta kolektibo zahurgarriei laguntzeko neurriak hartu ditu Jaurlaritzak. Gainera, diru sailaren zatirik handiena ekonomiara bideratuko du erakundeak, autonomoei eta enpresa txikiei nahiz ertainei laguntzera.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak bilkura egin du gaur, asteartea, eta hitzordu horren ostean agerraldia egin dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Nekane Murga Osasun sailburuak. Izan ere, Jaurlaritzak erabaki du 841 milioi euroko diru sail bat bideratzea koronabirusaren eraginak gutxitzeko neurrietara. Urkulluren hitzetan, "ekonomiaren koma egoera" saihesteko hartuko dituzte neurriak, eta besteak beste, osasun sistemara, familietara nahiz kolektibo zahurgarrienetara eta enpresa ertainetara nahiz txikietara zein autonomoetara bideratuko dituzte.

Urkulluk adierazi duenez, osasun sistemak behar dituen sendagaien hornidurara eta ekoizpenera, osasun materialera, prebentzio eta telefono arreta zerbitzuak indartzera, ospitaleetako nahiz etxez etxeko zerbitzuetako langile kopurua indartzera eta osasun zentroetan arreta eskaintzeko gune berriak egokitzera bideratuko dituzte 200 milioi euro. Bestalde, 55 milioi euroko partida jarriko du Jaurlaritzak familiei eta kolektibo zahurgarriei laguntzeko. Besteak beste, gizarte larrialdiko laguntzak handitzea, haurreskolen, eskola garraioaren nahiz jantokien kuotak etetea, alokairu sozialeko errentak eta komunitate gastuak bertan behera uztea ere erabaki du erakundeak.

COVID-19 deitu duten programara bideratutako diru sailaren zatirik handiena ekonomiara bideratuko du Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, enpresa ertainei eta txikiei zein autonomoei laguntzea du xede Jaurlaritzak, eta horretarako 587 milioi euro baliatuko ditu. Dena den, zenbateko horretatik 18 milioi eta erdi koronabirusaren programatik kanpo gelditzen diren autonomoei eta enpresei zuzenduko dizkiete. Horiei material teknologikoa erostea, jaurlaritzarenak diren programa batzuetako ordainketak aurreratzea eta atzeratzea nahiz parke teknologikoetako zein industriaguneetako alokairuak atzeratzea ahalbidetuko die erakundeak.

Urkulluk azaldu duenez, jarduera ekonomikoa beharrezkoa da oinarrizko zerbitzuei sostengua emateko. Hark adierazi duenez, ordea, pertsonen osasunaren segurtasuna eta ekimen ekonomikoa uztartu behar dira: "Oinarrizkoa da enpresek pertsonen segurtasuna bermatzeko protokoloak martxan jartzea. Egoera dena izanik, langileen segurtasuna bermatu eta ekonomia jardunarekin segitu behar dugu. Lana babesteko beharrezkoa da logistikari, hornidurari, energiari eta pertsonentzat oinarrizkoak diren produktuen banaketari eustea". Lehendakariaren aburuz, ezinbestekoa ez den jarduera ekonomiko guztia bertan behera uztea "estatu mailan" hartu beharreko erabaki da: "Muturreko neurri bat izango litzateke".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!