'Gorabeherak' websaila estreinatuko dugu gaur 10:00etan

Karkara 2020ko mar. 27a, 08:00

Gaur, goizeko 10:00etan, Gorabeherak umorezko websail berria estreinatuko dugu Karkaran, Tokikomeko beste hainbat hedabiderekin batera. Websail hau Ttap aldizkari digitalerako ekoiztu dugu, baina Tokikomeko hedabideetan ere ikusi ahal izango da, ostiraletan. Eta badu beste berezitasun bat: formatu bertikalean dago grabatuta.

Gorabeherak atal laburrez osatutako umorezko sail berritzailea da. Kapitulu guztiak igogailu berezi batean gertatzen dira: hilberriak zerura ala infernura eramaten dituen igogailuan, hain zuzen ere. Bertan, igogailuzain xelebre bat izango da, Ramon, hurbiltzen diren hildako famatuei harrera egingo diena. Pertsonaia horien artean denetarik izango dugu. Gehienak euskaldunak izango dira, baina Euskal Herritik kanpokoak ere ez dira faltako.

Websaila Ttap aldizkari digitalaren lantaldeak ekoitzi du, eta hainbat ezaugarri berritzaile ditu. Nabarmenena, zalantzarik gabe, formatu bertikalean grabatuta egotea, mugikorretan ikustea errazte aldera. Karkararen webgunean ere bisiten gehiengoa mugikorretatik dator jadanik, eta hori dela eta, eduki berri hau ezin egokiagoa iruditu zaigu gure erabiltzaileentzat.

Gorabeherak sailaren gidoiak eta zuzendaritza lanak Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak egin ditu, eta Ramon pertsonaia ere berak gorpuztuko du atal guztietan. Harekin batera, Nerea Arriola donostiarra azalduko da pantailan, igogailura hurbilduko diren pertsonaia ezberdinak antzezten. Biek ere lan aparta egin dute, eta bereziki ikusgarria da Nereak atal batetik bestera jasaten duen itxuraldaketa, karakterizazio prozesu luze eta astunak pasatu ondoren. Atal laburrak eta pantaila txikian ikusteko pentsatuak badira ere, atzetik produkzio lan handia du Gorabeherak sailak.

Websaila Tabakalerako 2deo laborategiaren eta Bertako Igogailuak enpresaren babesaz ekoitzi da. Laguntza horri esker, ekoizpena mimo handiz egin ahal izan da, eta emaitza ostiral honetan hasita ikusi ahalko duzue, Baleikeren webgunean, edota Ttap aldizkarian.

Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anboto, Baleike, Euskalerria Irratia, Goiena eta TOKIKOMen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan, eta dohainik eskuratu daiteke Android zein iOS gailuetan, https://labur.eus/ttap helbidearen bidez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!