Koronabirus kasu berri bat atzeman dute Orion

Karkara 2020ko api. 2a, 15:06

Azken kasuarekin, zortzi dira herrian COVID-19 gaitzak jota dauden herritarrak. Aian, berriz, ez da positibo berririk atzeman azken egunetan, eta bi lagunek dute koronabirusa.

Koronabirusa hedatzen ari da Urola Kostako herrietan, eta egunetik egunera gehiago dira gaitza duten herritarrak. Hala baieztatzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman dituzten azken datuek. Eskualdean zortzi positibo berri eta heriotza bat zenbatu dituzte azken orduetan. Horrenbestez, dagoeneko 115 dira COVID-19ak jotako Urola Kostako herritarrak eta hiru dira gaitzaren eraginez hil direnak. Zumaiako Otezuri egoitzako egoiliarra zen azkeneko hildakoa; aurreko biak, berriz, Zarauzko Santa Ana egoitzakoak ziren.

Herriz herriko datuei erreparatuta, egunero ari dira positibo berriak atzematen, baina azken egunotan mantsotu egin da joera. Zarautz da gaitzak erasandako herritar gehien dauden eskualdeko herria. Han, 67 lagunek dute gaitza eta horietatik lau azken orduetan baieztatu dituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Zumaian 24 lagunek dute koronabirusa, atzo baino bi gehiagok, eta Azkoitian eta Orion ere beste kasu bana atzeman dute. Horiekin, Azkoitian sei dira gaixorik dauden herritarrak eta zortzi dira Orion.

Gainontzeko herrietan ez du gorabeherarik izan koronabirusak jotakoen kopuruak. Getarian hiru lagun daude; Azpeitian, lau; Aian, bi; eta bat dago Zestoan. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen oraingoz ez dute baieztatu kasurik. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak gaur egurdian kaleratu dituen datuak, baina gehiago izan daitezke benetan gaixorik dauden herritarrak.

Euskal Herrian, berriz, dagoeneko 10.022 lagun daude kutsatuta eta 555 hil dira gaitzaren eraginez. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, beste 664 kasu positibo eta 54 heriotza zenbatu zituzten atzoko 20:00ak bitartean.

Probintziaka, Bizkaia da COVID-19ak jotako gaixorik gehien dauden lurraldea (3.682), baita gaitzak heriotzarik gehien eragin dituena ere (187); Araban 2.347 lagunek dute gaitza eta 167 dira orain arte hildakoak; Nafarroan 2.682 kutsatu eta 141 hildako zenbatu dituzte orain arte; eta Gipuzkoan 1.288 dira gaixorik dauden herritarrak eta 58 orain arteko gaitzak hil dituenak. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago, baina jakina ahal izan denez, badira 21 kutsatu eta bi hildako.

Hainbat neurri

Koronabirusa zabaltzea sahiesteko ahaleginetan ari dira erakundeak eta horien artean, baita Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Hori dela eta, gaitzak eragindako beharrak asetzeko helburuarekin, zaintzaileen eta erizainen premiazko lan poltsa osatzeko ezohiko prozesuak jarri ditu martxan. Horrez gain, gaitzak gehien erasaten dienak adineko pertsonak direla jakinda, haien osasuna zaintzea helburu duen «txoke plana» onartu zuen joan den astean, eta aste honetan 791.000 euroko sail bat onartu du plan hori indartzeko. Zehazki, arreta psikologikoa, garbitegi zerbitzuak, garbiketa intentsiboak eta material berriaren erosketa fintzantzatzera bideratuko du diru hori.

Enpresa txikiei eta autonomoei laguntzeko hainbat neurri hartu ditu azken egunotan; besteak beste, telelana ezartzeko laguntzak; turismo sektoreko autonomoei eta enpresa txikientzat dirulaguntzak eta errenta aitorpena aurkezteko epea atzeratzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!