Aurkeztu dute Eusko Tren eta Eusko Label ligen egutegia

COVID-19 birusa kontrolatzeko neurriek uzten badute, denboraldia ekainaren 28an hasiko da. Dena den, jardunaldiak atzeratzeko aukera aurreikusi dute, baita denboraldia balekoa izateko jokatu beharreko gutxieneko estropada kopurua zehaztu ere.

Atzo egin zuten batzarra bideokonferentzi bidez arraun klubek eta TKEko zuzendaritzak. Gai nagusia zen erabakitzea nola jokatu COVID-19 birusak eragindako alarma egoeraren aurrean. Ohar bidez jakinarazi dutenez, “traineruek uda honetan arraun egiteko asmo osoa agertu dute klubek, kirola egiteko osasun baldintza egokiak ematen direnean”.

Batzarrean erabaki dute hemeretzi jardunaldiko egutegia onartzea, baina egutegi hori moldagarria izango dela azaldu dute. Printzipioz, ekainaren 28an hasiko da lehia, VIII. CaixaBank Banderarekin. Tokia zehazteke utzi dute.

Hitzartutakoaren arabera, klub guztiek gutxienez bi asteko epea izango dute euren ohiko antolamendua berreskuratzeko txapelketako lehen jardunaldia jokatu aurretik. Bi aste horiek bermatu ezin badira, lehiaketen hasierak egutegian zehaztutako hurrengo asteburura pasako dira.

Liga balekoa izan dadin, gutxieneko jardunaldi batzuk jokatu beharko direla ere erabaki dute. Eusko Label Ligako hamabi jardunaldi puntuagarri (+2 playoff) jokatu beharko dira, eta Eusko Tren ligari dagokionez, zortzi jardunaldi puntuagarri (+2 playoff). Denboraldia beste asteburu batez luzatu ahal izango da (irailaren 25era eta 26ra arte), gutxieneko horretara iristeko beharrezkoa baldin bada.

Klubek adostu dute 15 egunero batzartzea, osasun krisiaren egoerak duen bilakaera ikusi eta horren araberako neurriak hartzen jarraitzeko.

Eskualdeko arraunlariak ere irrikaz daude elkartu eta itsasora ateratzeko. Hemen, orain gutxi argitaratu dugun erreportajea: Negu luzea arraunlarientzat

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!