Ostatu ugari turista gutxirentzat

Izaro Altzibar 2020ko api. 8a, 08:48

Bihar Ostegun Santua bada ere, turismo-enpresek inoiz baino lan gutxiago egingo dute Aste Santuan. Aldundiak dirulaguntza lerro bat ireki du galerak gutxitzeko. 

Datozen Aste Santuko egunak oso bestelakoak izatea espero zuten eskualdeko hotel eta landetxeek. Konfinamenduak turismoa izoztu du bete-betean, eta "galera handiak" espero dituzte inguruko turismo eragileek. Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euroko dirulaguntza lerro bat jarri du martxan horiei bultzada emateko asmoz. Turismoaren sektorean aritzen diren autonomoei eta enpresa txikiei COVID-19ak sortutako kalte ekonomikoak nolabait leuntzea dute helburu.

Dirulaguntza eskatu ahal izateko, turismo agentziek, gida turistikoek nahiz turismo enpresek gutxienez sei hilabeteko aintzinatasuna izan beharko dute. Laguntzak egitura eta zirkulazio gastuak oraintzeko baliatu beharko dira, egoera dela eta, enpresek ezin dituztelako gastu horiek salmenten bidez ordaindu. Bere kargura langilerik ez duten autonomoek, gehienez, bi mila euro jasoko dituzte; bi edo hiru langileko enpresek, gehienez, 3.500 euro eskuratu ahal izango dituzte; eta lau langiletik gorako enpresek, 5.000 euro, gehienez.

Horrenbestez, urtarrilaren 1etik alarma egoera bukatu bitarteko epea hartuko dute kontuan laguntzak ematerakoan. Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan egin ahal izango dira eskaerak, eta informazio guztia Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean jarriko dute ikusgai.  Herritarrek webgune horretan jarriko duten inprimaki zehatz bat bete beharko dute dirulaguntzak eskatzeko, eta eskabideak zein bestelako agiri guztiak Internet bidez aurkeztu beharko dituzte, erakunde horren egoitza elektronikoaren bidez. Uztailaren 1ean itxiko dute laguntzak eskatzeko epea. Imanol Lasa Turismo diputatuaren arabera, "presazko" neurria da, sektoreko hainbat eragilerekin bilera egin ostean hartu dutena. Izan ere, hark "bereziki larritzat" jo du pandemiak turismoan duen eragina, jarduera "bat-batean gelditu" egin delako. "Aste Santuan iritsi da gaitza, turismoarentzat data oso garrantzitsuan, eta negozio askoren biziraupena zaildu du horrek". 

Aldundiak beste hainbat neurri ere hartu ditu, hala nola neurri fiskalak, enpresa txikietan telelana ezarri duten epresen gastuak laguntzeko lerroa, jarduera ekonomikoa bultzatzeko dirulaguntza programen baldintzak malgutzea, Elkargik berariazko mailegu lerro bat martxan jartzea, dirulaguntza eskuratzea errazteko online plataforma sortzea garapen agentziekin elkarlanean eta ekitaldiak, azokak nahiz jarduerak finantzatzeko konpromisoa.

Enpresa txikiak baikor
Gizartea "beldurtuta" dago, eta egungo turismo eredua ez da hain erakargarria orain. Jakina da koronabirusak ondorio latzak utziko dituela turismoaren sektorean eta, adituen esanetan, jende pilaketak ekiditeko joerak luzaroan iraungo du. "Txarrenari onena" atera nahian, eskualdeko hainbat turismo eragilek aukera berri bat aurreikusi dute hor, landetxe, pentsio, kanpin, edo hotel txikiek abantaila izan dezaketelako, egoerari erreparatuta, turismo sektoreko enpresa handien aurrean.  Hala ere, ikuspuntu desberdinak bereiz daitezke eskualdeko turismo eragileen artean. Gehienek gertuko turismoa etorriko dela uste dute, kanpora baino, gertuko tokietara bidaiatzeko joera nabarmenduko dela, alegia. Dena den, etorkizuna beltz ikusten duenik ere bada.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!