Mukwano Lagun elkarteak denda birtuala ireki du, Bujagaliko familiei COVID-19ari aurre egiten laguntzeko

Karkara 2020ko api. 8a, 11:40

Inguruko sortzaileen eta artisauen lanak jarri dituzte salgai, tartean Zorione Mendez oriotarrarenak.

Mundu guztira zabaldu da COVID-19 gaitza eta Afrikako herrialdeetan ere eragina izaten ari da. Hala, Mukwano Lagun elkarteak ekimena jarri du martxan Ugandako Bujagali herrian COVID-19ari aurre egiteko dirua biltzeko. "COVID-19 a Ugandara iritsi da. Herrialde honetako osasun azpiegitura ez da nahikoa gaitzari aurre egiteko. Hortaz, koronabirusa hedatzen bada, jende asko hilko da. Ugandako familiek ez dute biltegiratutako janik, ezta dirurik ere. Horregatik, gaitzak zeharka ere jende asko hilko du. Larrialdi egoera honetan Bujagaliko familiei laguntzeko denda birtual bat sortu dugu sare sozialetan", azaldu du elkarteak. Inguruko sortzaileen eta artisauen lanak jarri dituzte salgai, tartean Zorione Mendez oriotarraren Marrak bildumako lanak, poltsa bat eta koadro bat. Hala, herritarrak beren ekarpentxoa egitera animatu dituzte elkartetik, bizi dugun garai zail honetan herritarren arteko elkartasuna ezinbestekoa delako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!