Ez da kasu positibo berririk izan Orion eta Aian bigarren egunez jarraian

Karkara 2020ko api. 9a, 15:05

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian emandako datuen arabera, ez da koronabirus kasu positibo berririk eman Aian eta Orion azken 24 orduetan. Euskualdean bai, beste lau kasu zenbatu dira: Zarautzen hiru eta Azkoitian bat.

COVID-19 gaitzarekin kutsatutako pertsona kopurua gero eta handiagoa da Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakinarazi dituen datuen arabera, eskualdean 169 lagunek eman dute positibo koronabirusaren krisia hasi zenetik. Hala, azken 24 orduetan, lau kasu berri atzeman dituzte eskualdean. Hiru Zarautzen eta bat Azkoitian. 

Honako hauek dira herriz herriko datuak: Zarautzen 93 positibo zenbatu dituzte, Zumaian 35, Orion hamalau, Azkoitian 9, Azpeitian 8, Getarian eta Zestoan hiruna, Aian eta Aizarnazabalen bina, eta Beizaman eta Errezilen bat ere ez. 

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik. 

Euskal Herrian 13.406 positibo

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 9.806 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 354 gehiago. Guztira, 689 pertsona hil dira hiru lurralde horietan. Atzo, 51 pertsona hil ziren. Guztira 26.204 test egin zituzten atzo, eta 1.780 lagunek (%21) eman zuten positibo.

Nafarroan, berriz, 3.575 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak eta 214 hildakoak. Hala, azken 24 orduetan, 108 positibo berri eta zortzi hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. Guztira 26.204 test egin dira, 1.780 atzo bakarrik, eta horietatik %21ek eman zuen positibo.

Euskal Herrian 13.406 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 903 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.976 pertsonari eman diete alta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!