Beste koronabirus kasu bat atzeman dute Aian

Karkara 2020ko api. 10a, 14:35

Guztira, hiru kasu zenbatu dituzte gaur arte Aian eta hamalau Orion. Eskualdean 175 dira koronabirusaz kutsatutakoak.

Koronabirusaren pandemia gero eta arrasto handiagoa uzten ari da Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakinarazi dituen datuen arabera, eskualdean 175 lagunek eman dute positibo COVID-19 gaitzaren krisia hasi zenetik. Hala, azken 24 orduetan, sei kasu berri atzeman dituzte eskualdean: bina Zarautzen eta Zumaian, eta bana Aian eta Azkoitian. 

Honako hauek dira herriz herriko datuak: Zarautzen 95 positibo zenbatu dituzte; Zumaian 37; Orion hamalau; Azkoitian hamar; Azpeitian zortzi; Aian, Getarian eta Zestoan hiruna; Aizarnazabalen bi; eta Beizaman eta Errezilen bat ere ez. 

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik. 

Lurraldekako datuak
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 10.103 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 297 gehiago. Guztira, 729 pertsona hil dira hiru lurralde horietan. Atzo, 40 pertsona hil ziren. Atzo, guztira, 1.677 test egin zituen Osakidetzak, eta horietatik %82k emaitza negatiboa eman zuten. Guztira, 27.639 proba egin dira pandemia hasi denetik. 

Nafarroan, berriz, 3.748 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak eta 218 hildakoak. Hala, azken 24 orduetan, 173 positibo berri eta lau hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. Guztira, 560 pertsonak hartu dute alta lurralde horretan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!