Beste koronabirus kasu bat atzeman dute Orion

Karkara 2020ko api. 12a, 13:28

Kontaketak hasi zituztenetik, 15 oriotarrek eta hiru aiarrek eman dute positibo koronabirusaren proban. Eskualdean, 187 dira kutsatutakoak. 

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du Urola Kosta eskualdean zehar. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuen arabera, beste zortzi kasu antzeman dituzte bezperako datuekin alderatuta. Zumaian izan da hazkunde handiena: 24 orduko epean beste bost kasu detektatu dituzte. Kontaketak hasi zituztenetik 43 zumaiarrek eman dute positibo koronabirusaren proban. Kostan detektatu dituzte beste hiru kasuak ere: bi Zarautzen (100 guztira), eta bat Orion; orotara 15 kasu dituzte herri honetan. 

Eskualdeko beste herrietan ez da aldaketarik izan, eta zenbakiek bere horretan jarraitzen dute: hamar Azkoitian, zortzi Azpeitian, hiruna Aian, Getarian eta Zestoan, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirusaren kasurik izan orain arte.

Koronabirusaren kasuak kontatzen hasi zirenetik positibo eman duten bizilagunen datuak dira hauek. Ordutik batzuk sendatu dira, eta hil ere egin dira beste batzuk. Beraz, covid-19 gaitzagatik gaixo dauden bizilagunen kopurua ezin da jakin. 

14.741 kasu Hego Euskal Herrian
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 14.741 bizilagunek eman dute positibo koronabirusaren probetan. Bezperako datuekin alderatuta, beste 399 kasu eman dira azken 24 orduetan. Hildakoak, berriz, 1.036 dira, bezperan baino 44 gehiago. Alde positiboa ere begiratu behar da, eta gorantz doa, baita ere, sendatu direnen kopurua. 5.517 lagun errekuperatu dira dagoeneko, bezperan baino 173 gehiago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!