Alarma egoeran, merkatariek eta beste hainbat jarduerek jarraitu beharreko irizpideak jakinarazi dituzte

Karkara 2020ko api. 14a, 08:10

Ertzaintzak txostena argitaratu du, alarma egoeran merkatariek eta beste hainbat jarduerek jarraitu beharreko irizpideak azalduz.

Hurrengo irizpideak nabarmendu dituzte.

Zein merkataritza gune egon daitezke irekita?
Hurrengoak ireki daitezke: janari dendak, gozoki-dendak eta gozotegiak, edari dendak, farmaziak, osasun-zentroak, optikak, ortopediak, higiene-produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologia eta telekomunikazio produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak, tindategiak, arropa-garbitegiak eta albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku-erakundeak, notarioak, aholkularitza zerbitzuak eta aseguru-erakundeak, abokatu-bulegoak, kudeaketa eta finken administraziorako bulegoak.

Jatetxeek eta janari prestatua saltzen duten establezimenduek lan egin dezakete?
Jatetxeek janaria etxeetara banatu dezakete, baina bezeroak ezin dute jatetxera joan janaria jasotzera. Bestetik, janari prestatua saltzen duten establezimenduek janaria etxeetara eraman ahal dute eta bezeroak establezimendura joan daitezke janaria jasotzera, baina ezin dute bertan jan.

Okindegiek saldu al dezakete edaririk, kafea barne dela?
Eramateko produktuak bakarrik sal ditzakete, baina ezingo da lokalean ezer kontsumitu.

Ireki al daiteke zerbitzugune edo gasolindegi bateko jatetxea edo kafetegia?
Ez, baina dendan janaria sal dezakete.

Ile-apaindegiak ireki al daitezke?
Lokala ezin da ireki. Etxez etxeko zerbitzu profesionala onartuta dago.

Ireki al daitezke lokutorioak?
Transakzio ekonomikoak egiteko bakarrik egongo dira zabalik.

Denda-ibilgailuen bidez kalez kale saltzen ibiltzea baimenduta al dago?
Premia-premiazko produktuak kalez kale saldu ahal dira, baldin eta udalak emandako gaikuntza-ziurtagiria baldin badaukate. Osasun Agintaritzak ezarritako higiene eta osasunneurriak errespetatu beharko dira. Ordutegia mugatuta egongo da 8:00etatik 15:00ak arte.

Automozioko tailer mekanikoak ireki al daitezke?
Bai, baina premiazko konponketak egiteko bakarrik.

Jendearentzat irekita egoteko baimenik ez daukaten establezimenduek barruan mantentze eta hobetze lanak egin al ditzazkete?
Bai.

Nutrizio-produktuak saltzen dituen denda bat irekita egon daiteke?
Bai, baina premia-premiazko produktuen salmentarako bakarrik. Adibidez, zeliakoentzako janariak.

Beilak, kultu-guneak, eta hileta zeremonia zibil eta erlijiosoak baimenduta daude?
Beilak debekatuta daude instalazio guztietan, publiko zein pribatuetan, baita etxebizitza partikularretan ere. Ezin da hileta erlijiosorik egin, ezta hileta-zeremonia zibilik ere. Baimenduta dago hildakoa lurperatzea edo errausteko agurra egitea, baina gehienez ere hiru senide edo hurbileko pertsona egon ahal izango dira, eta, hala badagokio, hildakoak agurtzeko hileta-errituez arduratzen den kasuan-kasuko kultu-zerbitzaria edo horren antzekoa ere bai. Edonola ere, bertaratutakoek beren artean beti metro bateko edo bi metroko distantzia gorde beharko dute.

Baratzetako edota negutegietako lanak eta haien antzekoak baimenduta daude?
Baldin eta jarduera profesionala bada, baimenduta daude.

Familiako baratzean lan egin daiteke?
Bai, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora soilik hartzen bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira, baita betekizun hauek ere. Alde batetik, elikagaiak jasotzea edo baratzeko oinarrizko mantentze-lanak egitera joan daiteke baratzera, baina, produktu gehiago landatzeko prestatze-lanak ezin dira egin. Horrez gain, baratzera joan-etorria justifikatzeko baratzearen titulartasun-dokumentua erakutsi beharko da.

Establezimendu batean sartzean, zer neurri mota hartu behar dira?
Establezimenduaren barruan ahalik eta denbora gutxien egon behar da, egin beharreko erosketak egiteko ezinbestekoa den denbora baino ez. Pertsonen artean, gutxienez, metro eta erdiko distantzia gordetzea gomendatzen da.

Hotelak, apartahotelak, landa-etxeak, turismo-ostatuak eta kanpinak ireki al daitezke?
Ezin direla ireki erabaki da. Salbuespen gisa, turismo-ostatuak, ezinbesteko zerbitzu deklaratutakoak, zenbait kasutan irekitzea baimentzen da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!