Positibo berririk ez Orion eta Aian azken orduetan

Karkara 2020ko api. 14a, 13:41

COVID-19 birusaren proba egiten hasi zirenetik, guztira hamabost positibo zenbatu dituzte Orion, eta hiru, berriz, Aian. Eskualdean Zarautz da, nabarmen, positibo gehien eman duen herria, 105 kasu zenbatu baitituzte han.

Atzo, apirilak 13, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, Orion eta Aian ez dago kutsatu berririk COVID-19 birusarekin. Inguruko beste herri batzuekin alderatuta, kasu gutxi atzeman dituzte orain arte bi herrietan: hamabost Orion, eta hiru, Aian. Konparazio baterako, 105 dira kutsatuak Zarautzen, eta 45, berriz, Zumaian.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 11.226 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 208 gehiago. 1.367 test egin dituzte hiru lurralde horietan azken 24 orduetan, eta horietatik %15ek eman dute positibo. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du portzentaia hori orain arteko baxuena izan dela. Nafarroan, berriz, 4.150 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak.

Hego Euskal Herrian, guztira, 1.108 dira koronabirusarekin hildakoak. Hildako berrien kopurua azken egunetakoa baino baxuagoa bada ere, “datu lazgarria" izateari ez diola uzten nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. Gaitza gainditu duten pertsonak ere badaude, noski. Guztira, 5.923 pertsonek senda agiria jaso dute Osakidetzak eta Nafarroako Osasun Sailak emandako datuak kontuan hartuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!