"Autoa gutxienez astean behin arrankatzea komeni da"

Karkara 2020ko api. 20a, 12:27

Konfinamendua hasi zenetik herritar askok geldirik izango dute autoa. Kalterik eragin dezake horrek? Azkue tailerrera deitu dugu erantzun eta aholku bila.

Hainbat eta hainbat auto geldirik daude Espainiako Gobernuak konfinamendua ezarri zuenetik COVID-19 birusari aurre egiteko neurri gisa. Eragiten al dio kalterik autoari lanerako egunero erabiltzetik, asteetan geldirik egotera pasatzeak? Erantzun eta aholku bila jo dugu Azkue tailerrera, eta hango arduradunak azaldu digu baietz, kaltegarria dela autoa geldirik edukitzea luzaro. "Autoa mugitu gabe denbora luzez edukitzea ez da ona ez bateriarentzat, ez gurpilentzat, baina hilabete ez da denbora gehiegi ere gurpilentzat".

Bateriak arazoak eman ditzake, ordea. "Lau urte dituen bateria zaharra dela esaten dugu, eta egoera normalean beste urtebete edo bi iraun ditzakeen arren, egoera honetan behar baino azkarrago arazoak emateko arriskua dago". Hain zuzen, egunotan herritar batek baino gehiagok deitu die laguntza eske bateria gabe gelditu zaielako autoa. "Autoa geldi egon arren bateria pixkanaka gastatuz joaten da. Horregatik, gomendagarria da astean behin gutxienez motorra piztuta edukitzea bost-hamar minutuz".

Aukera duenak kotxea mugitu behar luke, gainera. Kotxea etxe azpiko garajean daukanak, esaterako.

Bestalde, tailerreko arduradunak azaldu du beraiek normal ari direla lanean. "Nork ekarri behar lukeen autoa tailerrera? Lanerako autoa behar duenarentzat ezinbestekoa dela uste dut. Gainera, esan dute hobe dela autoa erabiltzea garraio publikoa baino".

Lanean normal bai, baina ibilgailuei aldatzeko piezak eskuratzeko zailtasunak ari dira izaten. "Horretan dugu arazo gehiago", aitortu du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!