Maiatzaren 2tik aurrera jarduera fisikoa egitera ateratzeko aukera izango da, osasun krisiaren bilakaera esperotakoa bada

Karkara 2020ko api. 25a, 20:59

Pandemiaren garapenak orain arteko joera izaten badu, datorren larunbatetik aurrera kirola egitera edo paseora ateratzeko aukera emango du Espainiako Gobernuak. Gainera, konfinamendua arintzeko neurriak "modu asimetrikoan baina koordinatuta" hartuko dituztela jakinarazi du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak.

COVID-19 gaitzaren garapena positiboa bada, maiatzaren 2tik aurrera kirola egitera eta paseora kalera artera ahal izango da. Hala jakinarazi du gaur, larunbatarekin, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. “Pandemiaren garapenak orain arteko joera izaten badu, astebetera, banaka kirola egin ahal izango da eta bizi garen pertsonekin paseora atera ahal izango da”, adierazi du hark.

Konfinamendua arintzen hasteko lehen neurria bihar jarriko dute indarrean: 14 urtetik beherako umeak eta gaztetxoak kalera irten ahal izango dira hainbat baldintzaren pean. Besteak beste, etxetik kilometro batera urrundu ahal izango dute gehienez eta ordubete pasatu ahal izango dute horiek kalean.

Bestalde, Sanchezek jakinarazi du asteartean egingo duten Ministroen Kontseiluan landuko dutela konfinamendua arintzeko jarraitu beharreko pausoen gaia. Haren arabera, konfinamendua “pixkanaka” arinduko dute, iragarri dituen neurrien gisakoak hartuta, eta konfinamendua bertan behera uzteko pausoak “modu asimetrikoan baina koordinatuta” emango dituztela azaldu du; hau da, lurraldeka desberdina izango da. Dena den, ez du zehaztu nork erabakiko duen –Espainiako Gobernuak edo lurralde bakoitzeko arduradun politikoek– hartu beharreko neurriak zeintzuk diren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!