Koronabirus kasu berri bat atzeman dute Orion

Karkara 2020ko mai. 7a, 13:23

Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, kontaketa hasi zutenetik, guztira, 261 lagun kutsatu dira Urola Kostan.

Azken egunetako joera eten egin da, eta bi koronabirus kasu berri atzeman dituzte Urola Kostan, azken orduetan. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuen arabera, Zarautzen eta Orion hauteman dute kasu positibo berri bana. Hala, kontaketa hasi zutenetik, 143 izan dira kutsatuak Zarautzen eta 19 Orion. Gainontzeko herrietan ez da gorabeherarik izan kutsatu kopuruan: Zumaian 48 dira, Azkoitian hamazortzi; Azpeitian hamasei; Getarian eta Zestoan bosna; Aian lau; eta hiru Aizarnazabalen.

Lurraldekako datuetan arreta jarriz gero, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 33 kasu positibo berri atzeman dituzte PCR testak eginda eta, guztira, 13.041 dira PCR testetan positibo eman dutenak. Hala ere, test azkarretan hautemandako positiboak ere kontuan hartzen badira, 16.959 dira kutsatuak. Dena dela, gaixoen %77ak dagoeneko sendatu da, eta azken orduetan 321 lagunek jaso dute senda-agiria.

Koronabirusagatik hildakoen kopurua ere eguneratu du Eusko Jaurlaritzak; azken orduetan 19 izan dira hildakoak eta, guztira, 1.383 lagun zendu dira COVID-19aren eraginez.

Nafarroako Gobernuak ere plazaratu ditu datu eguneratuak, eta zehaztu du, kontaketa hasi zutenetik, 7.010 lagun kutsatu direla koronabirusarekin, eta 480 lagun hil direla.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!