Koronabirus kasu berri bat atzeman dute Orion, hogeigarrena

Karkara 2020ko mai. 8a, 13:55

Hiru kasu berri atzeman dituzte eskualdean azken orduetan. Denera, Orion hogei lagun jo ditu gaitzak pandemia hasi zenetik, eta Aian lau.

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du, eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, hiru kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan Urola Kostan. Zarautzen, Orion eta Zumaian kasu berri bana hauteman dute. Hala, kontaketa hasi zutenetik, 144 izan dira kutsatuak Zarautzen, 49 Zumaian eta 20 Orion. Gainontzeko herrietan ez da gorabeherarik izan kutsatu kopuruan: Azkoitian hamazortzi; Azpeitian hamasei; Getarian eta Zestoan bosna; Aian lau; eta hiru Aizarnazabalen.

Lurraldekako datuei dagokienez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR testak eginda 60 kasu berri izan dira; horietatik 53 Bizkaian, sei Araban eta bakarra Gipuzkoan. Guztira, 17.286 dira lurralde horietan COVID-19az kutsatutakoak, baina horietatik %78,3 sendatu dira dagoeneko.

Koronabirusagatik hildakoen kopurua ere eguneratu du Eusko Jaurlaritzak; azken orduetan zazpi izan dira hildakoak, atzo baino hamabi gutxiago. Guztira, 1.390 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez.

Nafarroako Gobernuak ere plazaratu ditu datu eguneratuak, eta zehaztu du, kontaketa hasi zutenetik, 7.227 lagun kutsatu direla koronabirusarekin eta 484 lagun hil direla. Azken 24 orduetan, beraz, lau dira Nafarroan hildakoak. Alta jaso dutenak, berriz, 2.827 dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!