Itxaspera ez, maitea

Karkara 2020ko eka. 2a, 19:06

Iñigo Gaitonek KARKARA aldizkariaren 417. zenbakian argitara emandako argazkia eta testua.

Maiatzaren 13an ireki zuten Itxaspeko buelta, mantenu-lanak egiteko bi hilabetez itxita izan ondoren. Berritasun batekin anuntziatu zuten oriotarrok hain gurea dugun mendi bueltaxkaren irekiera: aurrerantzean ezingo da autoz ibili hango errepidean, baserrira edo landetxera joateko ez bada. Akabo, hortaz, ehiztarien hamabost patrolak udazkeneko ehiza egunetan, soldadu errusiarrenak bailiran bide bazterrean lagata. Txoriak hegan eta ehiztariak oinez, ez al da tratu justuagoa? Bukatu dira ere hango talaian egin beharrekoak gaztetxo kuadrilla, "selfiezale" eta  –ez hain— ezkutuko maitaleentzat; ezin gehiagotan Getariako arratoiari begira autoko argiak itzali, gauaren argi-ilunez gozatzen jarraitzeko. Tira, denak du prezio bat; Itxaspeko buelta motor soinu gutxiagorekin egiteak ere bai, antza.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!