Gipuzkoan barne turismoa sustatzeko kanpaina jarri du martxan Aldundiak

Karkara 2020ko eka. 29a, 13:08

Gipuzkoa Passport izenburupean, udako turismo kanpaina jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Pasaportea Gipuzkoako turismo bulego guztietan dago eskuragarri dagoeneko, eta bertan herrialdeko turismo eta aisialdi eskaintza jaso dute. Hain zuzen ere, guztira, 50 planeko zerrenda osatu dute.

Gipuzkoa Passport izenburupean, udako turismo kanpaina jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lurraldeko barne turismoa bultzatzeko helburuz ekin diote kanpainari, hau da, COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean turismo jarduera dinamizatzeko xedez. Webgunea ere kaleratu dute, eta han askotariko zerbitzuak nahiz informazioa eskura daiteke.

Pasaportea Gipuzkoako turismo bulego guztietan dago eskuragarri dagoeneko, eta bertan herrialdeko turismo eta aisialdi eskaintza jaso dute. Hain zuzen ere, guztira, 50 planeko zerrenda osatu dute; eskualde bakoitzeko bost plan bildu dituzte. Urola Kostaren kasuan, besteak beste, Loiola barnean hartzen duen Ignaziotar Lurraldeko ibilbidea, Zumaiako flyscheko ibilbidea nahiz Getaria eta Zarautz arteko paseoa. Bestalde, Urola Kostako museoak, hondartzen gaineko informazioa, ostalaritza zerbitzuena eta abar eskura daiteke Gipuzkoa Turismoren webgunean.

Gipuzkoa Passport kanpaina urriaren amaierara arte izango da martxan, eta aldundiak azaldu duenez, zozketak egin eta sariak banatuko dituzte. Gainera, pasaportea osatzen duten lagunek aitortza jasoko dute sare sozialen naiz martxan jarri duten webgunearen bidez.

Planak egiteko eta esperientziak bizitzeko aukera ematen die Gipuzkoak herritarrei, Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez. “Benetako altxorrak ditugu etxetik gertu, eta une ezin hobea da horiek guztiak ezagutzeko”. Haren arabera, “erantzun kolektiboa” eskatzen duen une kritikoan merkataritza, ostalaritza edo lehen sektorea suspertzeko apustua “sendoa” da, “betiere kalitatezko turismo eredu iraunkor eta orekatu baten aldeko apustua mantenduz”.

Bi lehiaketa

Kanpainak badu alde ludikoa ere; izan ere, turismo bulegoetan eskura daitezkeen pasaporteetan ziliguak jartzeko aukera izango dute herritarrek. Zigilu horiek Gipuzkoako saltokietan, ostalaritza guneetan edo museoetan eskura ditzakete. Gainera, argazki eta kontakizun lehiaketa ere jarriko dute martxan Gipuzkoa Turismoren sare sozialetan, hala nola Istagramen –@gipuzkoaturismoa–, Facebooken –Gipuzkoa Turismoa orrian– eta Twitterren –Gipuzkoaturismo profilean–. Joan zen astean aurkeztu zuten egitasmoa, eta pasaportearen hainbat enbaxadore izan ziren bertan. Tartean da Iban Garcia youtuber azkoitiarra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!