Erraustegiaren aurkako ekintza ugari izango da Orion hilaren 25ean eta 26an

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 14a, 19:56
Ekintzak iragartzeko prentsaurrekoa egin du herritar talde batek hondartza atzeko belardian. (Maria Maya Manterola)

"Hondakinen prozesu guztia aurreikusiko duen kudeaketa plan integrala" martxan jartzeko eskatu nahi dute ekintza horien bitartez. Uztailaren 26an erraustegiaren aurka egingo duten giza katean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Herritar talde batek erraustegiaren aurkako ekintza ugari antolatu ditu uztailaren 25 eta 26rako. Orioko hondartzako belardian egin duten prentsaurrekoan eman dute egitarauaren berri: 25ean, 12:00etan hasita, Oria ibaira doan errekako isurketen eta erraustegiaren irregulartasunen inguruko hitzaldia izango da, Felix Olaetxea eta Ainhoa Intaurraindietaren eskutik. Egun berean, gauean, Erraustegiari ateak ixten dokumentala emango dute. Uztailaren 26an, igandean, erraustegiaren aurkako giza katearekin borobilduko dute asteburua. Bizitza erdigunera. Errausketa gelditu lelo hartuta, mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Ekintza guztiak hondartza atzeko belardian izango dira. 

Enara Etxeberriak eta Nadeth Arrutik azaldu dute "eraiki duten Gipuzkoa honetan" sortzen diren elikagai asko toxikoegiak direla merkaturatzeko. Haien hitzetan, aspaldiko urteetan ura, airea eta lurra kaltetzen ari diren enpresei intoxikatzeko bide emateaz gain, erraustegia jarri dute martxan. Erraustegiaren "kalte zuzenak" aipatu dituzte Etxeberriak eta Arrutik, tartean, Oria ibaira doan errekako isurketak eta horren ondorioz hilda azaldutako arrainak. 

"Ikerketek frogatua dute hondakinen errekuntzak sortutako dioxina, furano zein material astunek osasunean sortzen dituzten gaitz eta ondorioak nabarmenak direla; minbiziak eta arnas sisteman kalteak, besteak beste", nabarmendu dute. Horrez gain, Co2 kopuruek klima aldaketan eragin handia dutela ere gaineratu dute. 

Erraustegia eraiki ordez, alternatiba jasangarriagoak, ekonomikoki bideragarriagoak eta osasuna hainbeste arriskatzeko arriskurik gabekoak badaude, Etxeberriaren eta Arrutiren ustez. Horregatik, hondakinen prozesu guztia aurreikusiko duen plan integral bat martxan jartzeko eskatu dute, "minimizazioa bultzatu, produktuen eta materialen bizia luzatu, eta gaikako bilketa sistema eraginkor bat aurrera eramango duena". "Norbanakoen osasuna erdigunean jartzeko ardura eta kezka azalduko duen kultura" berreskuratu nahi dute, "agintari kriminalen txotxongiloak izateari utzita". 

Egitaraua

Uztailak 25, larunbata
-12:00. Oria ibaira doan errekako isurketen eta erraustegiaren irregulartasunen inguruko hitzaldia, Felix Olaetxea eta Ainhoa Intxaurrandietaren eskutik.
-22:00. Erraustegiari ateak ixten dokumentalaren emanaldia.

Uztailak 26, igandea
-12:30. Bizitza erdigunera. Errausketa gelditu lelopean, giza katea. 

Oharra: ekintza guztiak hondartzako belardian izango dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!