"Itxialdian ideia berriak sortu zaizkigu eta saioa borobildu dugu"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 24a, 09:29

Indarrez eta ilusioz gainezka taularatuko da gaur Julen Alonso Aian. Sutan Dantzan ikuskizuna aurkeztuko du jendaurrean estreinakoz, eta musika eta dantza uztartzen dituen lana plazaratzeko gogoz dago musikari gaztea. Bideoa, amaieran.

JULEN ALONSO - Musikaria

Nolakoak izan dira azken lau hilabeteak?
Oso gogorrak eta luzeak. Otsailean sortu zitzaigun kontzertua eskaintzeko aukera, eta buru-belarri murgildu ginen proiektuan, jakin bagenekielako hilabete genuela saioa prestatzeko. Dena dela, egun batetik bestera itxialdi agindua ezarri zuten, eta guztia bertan behera gelditu zen. Mota horretako kontzertua eskaintzea nire ametsa izan da beti, horregatik, konfinamendu agindua kolpe gogorra izan zen niretzat; ez nuen sinesten gertatzen ari zena, eta etxean entseatzen jarduten nintzen.
Bestalde, behin alarma egoera gaindituta, ez da erraza izan data berria zehaztea, ziurgabetasun sentipen handia genuelako eta ez genekielako udan egoera zein izango zen.

Aldaketarik egin al duzue martxorako prestatu zenuten emanaldiarekin alderatuta?
Alde ona ere izan du etenaldiak. Etxean egon garen hilabeteetan ideia berriak sortu zaizkigu, eta ikuskizuna borobiltzen lagundu digute.

Emanaldia bertan behera gelditzeko beldurrik sentitu al duzu uneren batean?
Banekien emanaldia estreinatzeko eguna iritsiko zela, pixkanaka-pixkanaka gizarteko arlo gehienak bere onera etortzen ari direlako. Dena dela, aitortu behar dut azken egunetako COVID-19 agerraldiek kezka sortu didatela. Bizi dugun egoeraz kontziente naiz, eta taldean komentatu genuen saioa bertan behera gelditzeko aukera izango dela azken unera arte.

Emanaldian COVID-19ari aurre egiteko hainbat neurri hartu dituzue. Zein dira?
Martxoan 500 lagun inguru bilduko zituen kontzertua eskaintzea aurreikusi genuen, baina, gaur gaurkoz, ezinezkoa da. Horregatik, erabaki genuen bi saio egitea; hasieran, bi egun desberdinetan antolatzea zen gure asmoa, baina horrek dakarren kostu ekonomikoa aztertu ondoren, bi saioak egun berean egitea erabaki genuen: lehenengoa 20:00etan izango da, eta bestea 22:30ean.
Bestalde, ikusleek maskara jantzita izan beharko dute kontzertuan. Aretora sartzerakoan eta ateratzerakoan eskuak garbitu beharko dituzte, eta segurtasun tartea ere bermatuta egongo da. Ez da arriskurik izango. Badakit askori arraroa egingo zaiela kontzertua gisa horretan ikustea. Musikariontzat ere ezohikoa da publikoa maskara jantzita ikustea, baina ohitu egin beharko dugu egoera berrira. Lehen sustoa hartzen genuen norbait kaletik maskara jantzita ikusten genuenean, baina, orain, norbait musukorik gabe topatzeak harritzen gaitu.

COVID-19ak eragin al dio kulturari?
Kultur arloan lan egiten dugunok oso egoera zaila bizi dugu, artistok eta teknikook. Hondartzak beteta dauden arren, kultur emanaldietan neurri zorrotzak ezarri dituzte, eta edukiera muga horiekin oso zaila da kontzertuak antolatzea. Hala, uste dut COVID-19arengandik babesteko hartutako neurriek okertu egin dutela lehendik zetorren egoera kaskarra. Txertoa azkar merkaturatzea eta gizartea bere onera itzultzea espero dugu; denbora kontua izango da.

Oztopoak oztopo, Sutan Dantzan ikuskizunerako sarrerak agortuta daude. Espero al zenuen horrelako erantzunik?
Bikaina izan da publikoaren erantzuna. Oso pozik gaude Euskal Herriko txoko desberdinetako jendea biltzeaz gain, Bartzelonatik [Herrialde Katalanak] eta Murtziatik [Espainia] ere etorriko direlako gure saioa ikustera.

Duela bi urte argitaratu zenuen Sutan Dantzan diskoa. Nola sortu zitzaizun ikuskizuna sortzeko ideia?
Sutan Dantzan nire lehenengo diskoa izan zen. Orain urrats bat aurrera egin dut eta musika eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna sortu dut. Diskoko hainbat kanta instrumentalak dira, eta askori zaila egiten zaie zuzenean musika tresnez soilik osatutako abestiak entzutea. Horregatik, sumatu nuen abesti horiek mugimendu pixka bat behar zutela taularatzeko, eta urte askotan Orioko Harribil dantza taldean aritu naizenez, musika eta dantza uztartzea pentsatu nuen.  Hala, dantza presente egongo abesti instrumentaletan, eta Oinkari dantza taldea arduratuko da kantei mugimendua emateaz. Dantza munduan erreferentea izan da niretzat Oinkari; orijinalak dira, eta euskal dantza oinarri badute ere, harago joaten dira eta emaitza berezia lortzen dute. Urte askoan jarraitu ditut, eta horregatik pentsatu nuen Sutan Dantzan ikuskizunean elkarlanean aritzea

Zuk zuzendu al duzu ikuskizuna?
Bai, baina esan behar dut musikariek asko lagundu didatela. Berez, nire asmoa zen diskoa hasi eta buka eskaintzea emanaldian, baina ideia asko eman dizkidate eta oso itxura polita hartu du.

Zergatik erabaki duzu estreinaldia Aian egitea?
Iruditzen zait Aia toki aproposa dela Sutan Dantzan aurkezteko. Batetik, Aian daukat nire musika estudioa, eta bertan sortzen ditut abestiak; horregatik, gaur etxean sentituko naizela uste dut. Bestetik, Aiako kontzertuko antolatzaileak jarri ziren nirekin harremanetan eta saioa eskaintzeko aukera eman zidaten. Hasieratik harreman oso ona izan dugu, eta asko lagundu didate. Hunkituta nago gaur nire ametsa betetzeko aukera izango dudalako.

Aiakoaz gain, beste kontzerturen bat emango al duzu?
Bai, oraindik ezin ditut tokia eta data zehaztu, baina pixkanaka aukerak sortzen ari zaizkigu. Hala, jendea kontzertuetara etortzera animatu nahi nuke. Izan ere, zuzenekoa ez da izango diskoan entzun dezaketen berdina, diskoan jasota ez dauden doinu, perkusio eta efektuak gehitu baitizkiegu abestiei, eta dantzak ere indar berezia ematen dio emanaldiari. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!